Arrauna

"Bermeoko estropada erabakigarria izango da"

Baleike 2015ko ira. 18a, 15:10

Arraunaren maila gorenera igotzeko kanporaketa jokatuko du asteburuan Telmo Deunek. Portugalete, Getaria eta Mugardos izango ditu aurkari, bihar Bermeon (18:00etan) eta etzi Portugaleten (12:00etan), eta jokoan bi txartel. "Portugaletek du talde indartsuena eta Getariak liga irabazi du, baina guk baditugu gure aukerak", azaldu du itxaropentsu Rafa Gonzalez Txabarri prestatzaileak.

Ia hilabete joan da abuztuaren 23an KAE1 Liga amaitu zenetik eta, Kontxako sailkatze estropada salbu, arraunlariek entrenatu eta entrenatu besterik ez dute egin, asteburuko kanporaketa jomuga. Luze egingo zitzaien, baina azkenean iritsi da zirt edo zart egiteko ordua. Bi estropadak batuta bi onenen artean badira, San Miguel Ligara itzuliko da Zumaia, 2013an maila galdu eta gero.

Rafa Gonzalez Txabarrik uste du larunbatean gauzak nahikoa erabakita geldituko direla. "Bermeoko estropada erabakigarria izango da. Hala izaten da beti. Estropada eremu berezia da, beti jotzen du haizeak eta oso zaila da ura bare egotea. Haize olatuak izaten dira, trabeskakoak gainera. Horrek eskatzen du lan berezia, bai arraunkerari dagokionez, bai patroiarentzat. Bermeon beti izaten dira alde handiagoak Portugaleten baino, eta horrek erabakitzen du normalean".

Telmo Deunek Bermeon estropada ona egin dezakeela sinesten du Txabarrik. "Portugaleten dauka, berez, talderik indartsuena. Fitxaketak ere egin dituzte denboraldian zehar, azkenak abuztu amaieran –patroia eta arraunlari bat–; baina presio handia ere badute. Maila galtzen badute kluba desagertu egingo da ziurrenik, zor handiak dauzkate eta". Getariarekin oso parekatuta ikusten ditu indarrak. "Haiek irabazi dute Liga, uztailean nagusi izan ziren, baina abuztuak parean ibili gara. Haiek esan dezakete Liga irabazita zeukatela ikustean lasaitu egin zirela, baina uste dut maila berean gaudela". Galiziako Mugardosi dagokionez, koska bat beherago ikusten ditu.

Bi txartelak erabakiko dituen azken sailkapena osatzeko Bermeoko eta Portugaleteko postuak batuko dira. Berdineta egonez gero, orduan denborak hartuko dira kontuan. "Horregatik, oso garrantzitsua da Bermeokoa; Portugaleten, errioan, aldeak askoz txikiagoak izaten dira".