Zumaia errefuxiatuentzako babes herri izan dadin eskatu du PSE-EEk

Baleike 2015ko ira. 10a, 15:06

PSE-EEko udal taldeak azken asteotan gauzatzen ari den errefuxiatuen krisiaren inguruko mozio bat aurkeztu du udaletxean. Eskaera horretan, Siriako eta Irakeko errefuxiatuak hartzeko borondatea erakutsi duten herri eta hirien sarean sartzeko eskatzen dio Zumaiako Udalari.

Komunikatu baten bidez, sozialisten bozeramaile Arritxu Marañonek Udalari gai honen inguruan konprometitzeko eskatu dio eta babes herrien sareko kide izateko premiatu du. “Zumaiak errefuxiatuen krisi humanitario honen pare izan behar du”. Elkarrizketarako prest dagoela azaldu du zinegotziak eta udaletxean ordezkaritza duten alderdiei eskua luzatu die proposamen hau ahalik eta aldeko boto gehienekin ateratzeko.

Mozioak hiru puntu ditu. Zumaia babes herrien sare horretan sartzeko eskaera egiteaz gain, Eusko Jaurlaritza premiatzen du “berehalako” plan bat prestatzeko, Eudel eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, etorriko diren pertsona hauei “ardura eta zabaltasun handienarekin” harrera emateko. Sare honetan partaide diren herriei beharrezkoa den laguntza emateko ere eskatzen du, emergentziazko egoera honetarako ezohiko diru-laguntzak bideratuz.

Beste puntu batean, Zumaiako Udalari eskatzen zaio Espainiako Gobernua estutu dezan, azken hau Europar Batasunarekin izaten ari den negoziazioetan eskuzabalagoa izan dadin. “Eskuzabala izan behar du eta ez zikoitza” asilo politikoa eskatzen duten pertsona guztien aurrean. 

PSE-EEren mozio honetan Rajoyren Gobernuari eskatzen dio Europar Batasun mailan politika komun bat martxan jartzea inmigrazioaren eta asiloaren gaien inguruan. Hori koordinatuko duen autoritate europar bat abian jartzea ere erreklamatzen du.

Marañonentzat, erantzun solidario hau ez da humanitate-eskaera bat, milaka euskal herritarrek iraganean jaso zuten solidaritatearen erantzun saihetsezina baizik, hauek ere emigrazioaren eta erbeste politikoaren drama pairatu behar izan zutenean”.