Unibertsitatera joan behar zuenean, David Juliá Etxabe gazteak ez zekien ziur norantz bideratu ikasketak. Aukera desberdinak zituen esku artean, zalantzak ere bai, eta buruari bueltak ematen zizkion bitartean, marrazkiekin betetzen zuen ikasmahaia, «garbitzaileak gogoratuko duen bezala». Bidegurutze hartan, Arte Ederrak ikastea erabaki zuen. Besteak beste diseinua eta argazkigintza ikasi ondoren, eta Erasmus beka bati esker Errumanian egon zen: «Ez nuen Italiara edo Ingalaterrara joateko gogorik». Orain kazetaritzarekin lotutako argazkigintza kurtso bat egiteko asmoa du Bartzelonan. Aurretik, gaur bertan, Errumania eta Moldavia, begirada berezi bat izeneko erakusketa zabalduko du Oxford aretoan. Irailaren 20ra bitartean izango da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara.
Pintura eta argazkiak uztartzen ditu Davidek bere jaioterrian eta, oro har, Euskal Herrian muntatu duen lehen erakusketan. Aurretik Errumanian, Transilvaniako hiriburuko taberna batean, eta Moldavia bertan ere erakutsi zituen bere lan batzuk. Margotutako argazkiak eta kazetaritzaren ukituak dituzten argazkiak biltzen ditu Oxfordeko erakusketa honetan. Bakoitzetik dozena bat lan inguru zintzilikatuko ditu. .
Margotutako argazkiak Gradu Amaierako Lanaren zati diren obrak dira. Erakusketara prestatu duen idatzi batean jasotzen duenez, Errumaniako erresuma izan zen lurralde horietan bizi diren eta bizi izan diren pertsonen erretratuak erabili ditu argazki euskarri moduan, «pinturaren bidez nire haienganako ikusmoldea azaleratu nahian». Hormetan erakutsiko dituen lanez gain, unibertsitatean prestatutako liburuxkak ere eramango ditu.
Berriro ere bidegurutze batean, bere iraganak eta etorkizunak bat egiten dute erakusketan. Azaldu digunez, ez du uste margotutako argazkiak egiten jarraituko duenik, «ez erakusteko, behintzat. Egiten baditut niretzako izango dira».
Argazkigintzara bideratu nahi du orain bere bizitza. Erakusketa zabaldu eta egun gutxira, Bartzelonara joango da fotoperiodismoko kurtso bat egitera. Argazkigintza artistikoa baino, kazetaritzarekin lotura duena gustoko duela dio. «Pertsonak agertzen diren irudiak gustatzen zaizkit. Beste bizitasun bat ematen diote».
Kazetaritzaren ukituak dituzten argazkiak erakutsiko ditu Oxforden. Errumanian eta Moldavian dastatu zituen paraje eta kendeak jasotzen ditu bertan.
Errumanian, Moldavian eta nazioarte mailan onarpen ofizialik ez duen Transnistriako Moldaviar Errepublikan izan zen beka honi esker. Han ikusitakoarekin harrituta geratu zela dio. Oharrean jasotzen duenez, «Errumanian, hirietatik urruntzerakoan, nire guraso eta arbasoen bizitza imajinatzen nuen, hiri nagusietatik kanpo nekazaritza da nagusi eta momentu oro zeharkatzen nituen zaldi gurdiak, ahate eta oiloak kaleetan. (...) Mendietan dabiltzan artzainek ere Euskal Herriko artzainak gogorarazten zizkidaten». Transnistrian, aldiz, nabaria du herritarren Sobietar Batasunarenganako gertutasuna eta presentzia. «Azken herrialde sobietarra dela esatera ausartuko nitzake».
Han bizitakoaren inguruan lanean jarraitzeko gogoa azaldu du: Moldavia eta Transnistria banatzen dituen Dniester ibaiaren inguruko lan bat egin nahiko luke.