Olarro Eguneko lehiaketa gastronomikoko eta batel estropadetako izen-emateak zabaltzear

Baleike 2015ko abu. 28a, 14:58

Irailaren 19an, larunbata, ospatuko da aurtengo Olarro Eguna. Gastronomiaz gozatzeaz gain, izango dira aurten ere lehiaketa gastronomikoa eta koadrilen arteko batel estropadak. Lehenengoaren izen-ematea zabalik da dagoeneko eta batelena astelehenean zabalduko da.

Lehiaketa gastronomikoa goizeko 9:00etatik ordubatera bitartean egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan. Olagarroa prestatzeko era desberdinak ezagutarazi, ahal den errezeta kopururik zabalena jaso eta, era berean, berrikuntza gastronomikoa bultzatzea du helburu lehiaketa honek. Urtez urte jasotako errezeta guztiekin bilduma bat osatzen joateko asmoa dago.

Oinarriak honako hauek izango dira:

1.- Izen ematea

  • Lehiaketa irekia izango da eta beraz, nahi duenak parte har dezake, bere izenean edo elkarteren bat ordezkatuz, sukaldari profesionalek direnek izan ezik.

  • Partaideak bikoteka aurkeztuko dira.

  • Bikote kopurua 22ra mugatuta dago eta lehentasuna izena emateko ordenaren arabera izango da.

  • Izena emateko Turismo Bulegora zuzendu behar da, Irailaren 11a baino lehen, eta doan izango da.

  • Izena ematearekin batera, partaideek errezetaposta elektronikoz (turismoa@zumaia.eus) bidali beharko dute lehiaketa egunean jendaurrean ikusgai egon dadin.

  • Izena emandakoan, partaide bakoitzari lehiaketa gastronomikoaren oinarrien kopia bat emango zaio.

2.- Prestatu beharreko platera

  • Olagarroan oinarrituriko plater bat prestatu beharko da, bakoitzak nahi duen erara: ohizko eran (olagarroa patatekin) edo era berritzailean.

  • Errazio kopuruari dagokionez, partaide bakoitzak gutxienez sei (6) errazio prestatuko ditu.

3.- Azpiegitura

  • Karpak, suak eta mahaiak Antolaketa Batzordeak jarriko ditu.

  • Lehiaketa egunean partaideek ordu erdi lehenago egon beharko dute Beheko Plazan.

4.- Osagaiak eta sukaldeko tresneria

  • Lehiaketari hasiera eman baino lehen, partaideei olagarro gordin bana emango zaie (2 kg ingurukoa).

  • Gainontzeko osagaiak partaideek eramango dituzte.

  • Lehiaketaz kanpo prestatutako saltsa edo ongarririk ezingo da erabili.

  • Sukaldean aritzeko behar den tresneria ere (kazuelak, burruntzaliak, aiztoak, sardexkak, koilarak…) partaideen ardurapean egongo da.

5.- Epaimahaia eta sari-banaketa

  • Epaimahaia sukaldaritzari lotutako pertsonek osatuko dute, eta bi sexuen ordezkaritza orekatua bermatuko du, Otsailaren 18ko 4/2005 Berdintasun Legeak dioenaren arabera.

  • Epaimahaiari aurkezteko platerak Antolaketa Batzordeak banatuko ditu.

  • Puntuazioa ematerakoan baloratuko diren ezaugarriak: zailtasun gastronomikoa, plateraren aurkezpena, zaporea, prestaketa puntua eta originaltasuna.

  • Sari banaketa 13:00ean izango da.

  • Sariak, Zumartianeko kide diren establezimenduetan gastatzeko opari txartelak izango dira. Irabazleentzat: Txapela eta 150 €, 2. saria: 120 €, 3. saria: 90 €.

Koadrilen arteko estropadak

Batel estropadak, berriz, goizez bakarrik egingo dira aurten ere, 11:00etan hasi eta 13:30ak aldera arte. Arratsaldean ez da estropadarik izango. Baldintzak honako hauek izango dira:

  1. Estropada eremua Itsas kiroldegitik irten eta Txomin Agirre kairaino joan-etorria izango da.

  2. Parte-hartzaileen gutxieneko adina: 13 urte (aurten betetzen dituztenak). Kategoria bakarra izango da.

  3. Talde bakoitza 4 pertsonak osatuko dute (batelean sartzen direnak), mutilak nahiz neskak.

  4. Bandera irabazteko ezinbestekoa izango da 4tik 2 zumaiarrak izatea.

  5. Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta bere telefono zenbakia eman beharko du, harremanetarako.

  6. Antolakuntzak ez du bere gain hartuko parte-hartzaileek beren buruari edo beste hirugarren bati egin diezaieketen kalte edota lesioen erantzukizunik.

  7. Ohiko banderaz gain, azken urteetan egin ohi den moduan, emakumeen partaidetza saritzeko beste bandera bat izango da.  Parte-hartzaileen artean afari bat zozketatuko da. Sari banaketa kofradian izango da.

  8. Izen-ematea turismo bulegoan egingo da abuztuaren 31etik irailaren 16a bitartean, eta nahitaezkoa izango da izen-emateko orria betetzea. Behin izena emanez gero, parte hartzeko konpromezua eskatzen da.

  9. Lasuna batela entrenamenduetarako behar dutenek turismo bulegoan egin behar dute eskaera. Entrenamenduan, txalupa eta arraunen ardura egokia ez duen taldeak, ezingo du estropadan parte hartu. Taldearen ardura izango da erabilera baldintzak zein diren jakitea.

  10. Batel estropada egunean nahi duenak Itsas kiroldegiko aldagelak erabili ditzake.

  11. Zozketa egiteko bilera irailaren 17an19:30ean izango da. Ezinbestekoa da talde bakoitzetik arduradun bat joatea.