Oikiako eta Getariako gazteak neurtuko dira bihar, San Agustin Egunean

Baleike 2015ko abu. 27a, 14:05

San Agustin eguna ospatuaz amaituko dute bihar Oikian bertako San Bartolome jaiak. Meza, herri bazkaria, erromeria eta su artifizialak izango dituzte, baina eguneko ekitaldi bereziena Getariako eta Oikiako gazteek burutuko duten kirol erronka izango da. 

Eguerdiko 12:00ak aldera hasiko da eta bost kirol motaz osatutako erronka izango da. Erreleboka burutuko da proba herrikoi hau. Hala, bost proba hauek burutuko dituzte: txirrindularitza, korrika, ergometroa, txingak eta lokotx-bilketa. Amaitzeko sokatiran arituko dira.

Getariako triatloi taldeko gazteak eta Oikiako mutilak neurtuko dira erronka honetan. Diru edo garaikurrik ez da izango jokoan, ohorea bakarrik.

Behin erronka amaituta, 14:30ean, herri bazkaria izango da, sagardotegi erara eta erromeria Ostolaza eta Andonegirekin. Arratsaldean Etzionk! taldearen saioa izango da eta 22:30etik aurrera Fan & Go taldearekin erromeria. Gauerdian piroteknia saioa izango da Eskubeltz taldearekin eta jarraian erromeriak jarraituko du.