Astigarraga-Iribar bikoteak irabazi du X. Itzurungo pilota txapelketa

Baleike 2015ko abu. 26a, 23:38

Itzurungo X. esku pilota txapelketako azken partidak jokatu dira gaur arratsaldean Larretxoko frontoi txikian. Arkaitz Astigarragak eta Gorka Iribarrek osatutako bikotea izan da aurtengo txapelketako irabazlea, finalean Iñigo Tumas eta Julen Alkortari 22-17 emaitzarekin irabazi ondoren. 

Gorabehera handiko partida izan da txapelketa erabaki duena. Julen Alkorta urduri azaldu da atzeko koadroetan eta huts ugari egin ditu partidako lehen zatian. Gorka Iribar, aldiz, seguru zegoen atzealdean eta tantoak gehitzen joan dira, askotan aurkarien erruengatik. 19-8 emaitzarekin bazirudien dena erabakita zegoela, baina une horretan soltatu da Alkorta eta pilotakada bortitzak botatzen hasi da atzealdera. Iribarrek ezin izan dizkio behar bezala erantzun eta pixkana aldea txikitzen joan da, frontoira hurreratutakoen gozamenerako. Asko eta asko Tumasen koadrilakideak ziren. Zortzi tanto jarraian eginda, 19-16ra hurreratu dira eta minutu batzuk lehenago ezinezkoa zirudiena, gero eta hurbilago zegoen. Une horretan Gorka Iribarrek pilota bat txapa gainean jarri du eta era horretan hautsi du Tumas eta Alkortaren aldeko ratxa. Saiatu badira ere, Astigarraga eta Iribarrek irabazi dute partida eta era berean txapelketa.

Aurretik hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida jokatu du. Patxi Salaberria ez da agertu partida jokatzera eta zalantzan izan da partida jokatuko den edo ez. Une horretan ikusle moduan zegoen Peio Etxabek pauso bat eman du aurrera eta berak jokatu du Joseba Manterolarekin Aitzol Oliden eta Jon Agirreren aurka. Hiru oikiar eta Aizarnazabalgo mutil bat neurtu dira Itzurungo frontoian. Urduritasunak jota, Manterola ez zen gai Olidenen sakeak erantzuteko eta ia konturatu gabe Olidenek eta Agirrek alde handia hartu dute markagailuan. Atzetik zihoan bikotean aldaketa egon da eta hasiera batean aurrelari lanetan zegoen Etxabe atzeko koadroetara pasa da. Minutuak aurreri egin ahala, berotzen joan dira eta nahiz eta Oliden eta Etxaberen garaipena inoiz ez den arriskuan egon, tanto ikusgarri batzuk izan dira. Partida Oliden-Agirre bikoteak irabazi du 22-10 emaitzarekin eta, ondorioz, beraiek izan dira hirugarren aurtengo txapelketan.