Iñigo Peña: "Olinpiar Jokoetan egoteko aukera handiak ditugu, baina hemen biribildu behar da guztia"

Baleike 2015ko abu. 20a, 10:07

Iñigo Peñak denboraldiko eta azken urteetako hitzordu garrantzitsuena du aurrez aurre. Bihar hasi eta ostiralera bitartean Munduko piraguismo txapelketak jokatuko dira Milanen (Italia) eta zumaiarrak bi probatan hartuko du parte: K4an 1.000 metroan eta K1ean 5.000 metroan. Olinpiar Jokoetarako txartelak banatuko dira txapelketa honetan eta Iñigok baditu Rion (Brasil) ospatuko diren Joko hauetan egoteko aukerak. 

Javier Hernanz asturiarrak, Rodrigo Germade eta Oscar Carrera galiziarrek eta Peñak osatzen dute K4a. Lehen zazpi europearren artean sailkatzen badira, Olinpiar Jokoetan izango dira. Pasa den asteburuan abiatu ziren Milanera eta bihar bertan izango dute lehen proba. Posta elektroniko bidez egin dugu ondorengo elkarrizketa.

Aste honetan duzue urteko hitzordu garrantzitsuena. Nola aurkitzen zarete, bai fisikoki, bai animikoki?

Fisikoki oso ondo, urte osoa txapelketa hau prestatzen ari gara eta momenturik onenean iritsi gara. Animikoki ere oso ondo, azken emaitzek eta entrenamenduetan egindako denborek konfidantza asko eman digute.

Estropada eremua ezagutu al duzue? Berezitasunik ba al du?

Estropada eremua berezia da guretzat, aurreko urtean bertan irabazi genuen Munduko Kopa bertan eta ondorioz, asko gustatzen zaigu. Sentsazio onak ditugu.

Nola joan da orain arteko denboraldia? txapelketak ere izan dira urtean zehar... 

Denboraldia oso ondo doa momentuz. Espainiako txapelketa irabazi nuen, Europako Txapelketan hirugarren eta Munduko Kopan, berriz, 2. Ea hemen biribiltzen dugun.

Probak zer egunetan izango dira? Zer distantziatan?

Bi probatan hartuko dut parte, K4 1000 metroan eta K1 5000 metroan. K4an ostiralean sailkapena dugu, larunbatean semifinala eta igandean finala. K1ean finala zuzenean da eta igande arratsaldean izango da txapelketa.

Zer heburukin zoazte? Joko olinpikoetara sailkatzea izango da bat, ezta? 

Helburu nagusia K4an Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea da, horretarako, lehenengo zazpi europearren artean sailkatu behar da. Dominak lortzeko aukerak ere baditugu.

Olinpiadetarako zenbat txartel daude jokoan? 

Hamar txartel daude guztira, eta europearrentzat zazpi.

Zer aukera dituzue?

Printzipioz aukera handiak ditugu, azken txapelketa guztietan lehen zazpi europearren artean sailkatu gara, baina hemen biribildu behar da guztia.

Zein izango dituzue aurkari nagusiak? 

Aurkari nagusienak Txekiar Errepublika, Portugal, Hungaria eta Australia izango dira.

Zenbat urte zoazte batera K-4ko lau lagunak?

2013an hasi ginen K4 hau prestatzen, hirugarren denboraldia da elkarrekin gaudela.

Olinpiadetara joateko ametsa hurbil duzu? Nerbioak zer moduz dituzu? 

Ba momentuz oso lasai, konfidantza handiarekin gaude eta dena ongi ateratzea espero dugu.