Zumaiako Musika Jaialdia

Txistuak eta eskusoinuak 'Arnasak' ekarriko dizkio Musika Jaialdiari

Baleike 2015ko abu. 5a, 11:02

Garikoitz Mendizabalen txistuak eta Aitor Furundarenaren eskusoinuak bat egingo dute gaur, 20:00etatik aurrera, Mari kalean izango den Arnasak kontzertuari. Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan kokatzen den kontzertua da. Eguraldi txarra bada, emanaldia komentura eramango da.

Arnasa izaki bizidunen funtzio nagusienetakoa da, oinarrizkoena, nahiz ikustezin eta ukiezin izan. Bizitzara jaiotzen garenean, horixe da gizakiok bizirik irauteko egiten dugun lehen gauza, hortik aurrera, hil arte gure erritmo bitalak markatuko dituen hatsaren konpasetan murgiltzen garelarik, bizitza bera melodia bat balitz bezala eta gu horren interpreteak.

Arnasa, bestalde, izpiritua ere ba da, arimaren eta etorriaren indar eragilea, harmonia eta orekaren iturria.

Gure kasu honetan, “Arnasak” izeneko lan honek, oso modu sotil bezain eder eta adierazkorrean, bi tresna eta tresna-jotzaileren arteko uztarketa esanguratsua islatzen du. Aitor Furundarenak eta Garikoitz Mendizabalek, esku-soinua eta txistua elkarren artean osatuz, maila handiko konposizioak aurkezten dizkigute, patxada, alaitasuna, hausnarketa eta dantzagarritasuna bertako sustraietatik izaera unibertsalera barreiatzen direnak.

Soinuaren arnas horizontala eta txistuaren arnasketa bertikala gurutzatzen diren puntu horixe dugu disko honen liluraren sorburua, lan garbi bezain iradokitzaile honen bihotza, arnasa herri doinu bilakatzen duen gako miresgarria.

Egitaraua

1. Fandango bolero (Herri doinua - Aitor Furundarena / Garikoitz Mendizabal)

2. Euskal Capriccioa (Pablo Sarasate)

3. Berpizkundeko 3 pieza (John Dowland)

4. Euskal 10 doinu (Jesus Guridi)

5. Brehme (Gorka Hermosa)

6. Cunningham collection (Phil!Cunningham)

7. Migerlea (Sabin Bikandi)

8. Jota (Tradizionala)

9. Porrua (Tradizionala)

10. Czarda (Herri doinua - Aitor Furundarena / Garikoitz Mendizabal).

Kurrikulumak

Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) 

Garikoitz Mendizabal txistuarekin eta euskal kulturarekin guztiz konprometiturik dago. Sari ugari jaso ditu bakarlari eta zuzendari gisa.  Musika talde ospetsu ugarirekin aritu da bakarlari moduan, besteak beste Madrilgo Erkidegoko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, eta Hego Koreako Chun Cheon Philarmonic Orchestra eta Gyonbook Philarmonic Orchestrarekin. Folk musikari dagokienez  aipatzekoak dira Korrontzi taldearekin, edota Carlos Nuñez eta Kepa Junkeraren mailako artistekin gauzatu dituen proiektuak.  

Garikoitzek diskografia zabala du. Bilboko Udal Txistularien Bandaren zuzendaria da egun, eta bakarlari moduan ere aritzen da. 

www.garikoitzmendizabal.com

Aitor Furundarena Usabiaga (Ordizia, 1970) 

Irakasle, akordeoilari eta konpositorea da Aitor Furundarena, izen handiko irakasleekin batera ikasia. Jotzeko orduan, musika garaikidea, tradizionala eta dantzarako musika landu ditu bereziki. Bakarlari moduan baditu hainbat grabazio eta talde eta bakarlari ugarirekin ere jo izan du: Faltriqueira, Patxi Kaleko, Amaia Zubiria, HF, AIKO, Pantxoa eta Pello, Txomin Artola, Larraitz Ugartemendia, Garikoitz Mendizabal....  

Konposizio arloan berriz telebistan, antzerkian eta zineman aritua da. Gaur egun Musikene, Euskal Herriko goi8mailako musika ikastegian dihardu irakasle.