Dinastia Etxabeko final-laurdenak jokatuko dituztenen zerrenda erabaki da

Baleike 2015ko abu. 1a, 13:10

Saninazio egunari amaiera polita emateko modua izan zuten Zestoara hurreratutakoek atzo, XLIV. Dinastia Etxabe txapelketako bigarren aurrekanporaketan. 23 urtez azpiko pilotariek hartu zuten parte eta emaitza hauen ondoren erabakita geratu da txapelaren bila abiatuko diren 16 pilotarien zerrenda.

Bart arratseko pilota partidetako emaitzak:

1. Azketa-Aizpitarte, 22; Bakaikoa-Etxegoin, 13

2. Olano-Urizar, 18; Elordi-Lasa, 22

Hauxe ikusitakoaz Jexux Iribar Olaldek egiten duen laburpena.

1. 6-0, 12-6, 14-12 eta 22-13ko markagailuko parada adierazgarriak lehenengo norgehiagokarenak, non Bakaikoa-Etexgoin bikotea lan asko eginaz 2 tantora urreratu bazen ere Azketa-Aizpitartek osaturikoak ez zuen inoiz galdu garaipenerako norabidea. Nabaritu zen Iñaki Etxegoin baxenafartarraren eskubiko kolpe biziagoa pilota jotzerakoan baina Bakaikoa lagun zuela ez zuen asmatu kolpe nagusitasun horri behar bezelako etekinik ateratzen. Lehia gogorra eta tanto luze eta txalotuak jokatu zituzten ordubete inguruko partidako lehen hiru laurdenetan. Pilotari bakoitzari buruzko xehetasun gehiago ematerako orduan:

· Beñat Azketa beasaindarraren seriotasuna, goitik beherako eskubizko bolearekin min handia eginez eta zuzenean ez bazen ondorenean ziztadaz jotako pilota moztuarekin tantoak lortuaz. Ezker gantxoz ere badaki tantoak egiten baina atzo ez zuen aukerako pilota asko izan horretarako, 6 tanto eginak eta 3 galdutakoak. 

· Eneko Aizpitarte hernaniarrak ondo egin zituan bere lanak naiz eta bezperan partidua jokatuta etorri. Pilota zail asko ekartzea tokatu zitzaion atze koadroetatik baina horretaz gain aurrekoadroetara etorri eta aurrelaria ondo babestea ere lortu zuen kantxako eremuak ondo beteaz. 2 tanto egindako eta 4 galdutakoak. 

· Joanes Bakaikoak ez zuen aprobetxatzen jakin izan bere atzelariaren kolpe nagusitasuna atzo, erremateratze garaian zenbait tanto amaitu ezinik nabaritu genuelarik eta beste batzuk galduaz ere bai. Behar bada tantoa egiteko aukerako pilota gehiago ere izan zitzazken atzelariarrentzat hobeagoak ziren pilotetara ez sartuta. 4 tanto egin eta 8 galdutako etxarri-aranaztar aurrelariarenak defentsa lanetan ibili bazen ere ondoen.

· Bezperan partidua 22 eta 20 irabazita etorri zen Iñaki Etxegoien ere ez zen gustora joango etxera atzo. Atze kodroetako nagusitasuna berea izanik ere ez zuen jakin izan kantxan agintzen, eta aurrez aipaturikoaz gain zenbait pilotetara behar bezela abiatzen ez delako ere bai, behetik gora ordez albotik emanik pilotari eta behar hainbeste luzatzea lortu gabe. Maila altuagoan joka dezaken pilotaria noski bere kolpe freskotasunari etekin gehiago atera eta pixkat gutxixeago galduko balu, zazpi atzo eta egindako bat.

2. Bigarren norgehiagoka ezberdina izan zen, azkarragoa eta aurrelarien tanto eder eta gehiagorekin. Bina, seina, hamaikana, hamalauna eta hamazazpina berdinduta egon ondoren 21 eta 17 aurreratu zen Elordi-Lasa bikotea, 18garrena Olanorentzat eta honen sake pozoidun bat eskubitik Lasak jaso ondoren 22 eta 18 azkenean. Bi aurrelariak nabarmendu beharrekoak, gogoz txalotutako tanto zirraragarri asko egin zituztelarik aurrekoadroetan. Lau pilotarien lana banan banan aipatuz:

· Anartz Olano aresotarra lehenik, esku ezkerrean betidanik izan duen kolpe freskoarekin baina tantoa egiteko gaitasun gehiagorekin somatu degu aurten. Bere buruarekin konfiantza izango balu bezela, pilota edozein lekura botatzeko gaitasuna erakutsi zuan, luze atzera, ezker airez gurutzatuz zabalera edo txokoan dotore utzita, eta botera ziztada haundiz moztutakoak ere bai. Bikote lanean ere ondo atzelari gazteari lagunduz, gozo tratatu eta animoak emateaz gain defentsa lanetan ere. Sake ateratzen ikusi genuen beste urtetan baino min gutxiago eginez. Erasoan galdutako hiruzpalau pilotetan suerte gehixeago izan balu partidua irabazteko moduan izango zen Urizarrekin batera. 7 tanto egin eta 8 galdutako bereak.

· Mikel Urizar markinarrak kunplitu zuela esan behar. Eskubia juxtu xamar zuela etorririk pilota bat edo beste galdu zuen baina ezker eskubiz libre eman zion pilotari eta atze koadroetan etzen aurkaria baino gutxiago izan. 4 pilota galdutakoak Elordiren merituz eraman gabe gelditutako lau sakez gain.

· Aitor Elordi mallabiarrak profesionaletara laster saltoa emateko izan dezaken abagunetaz jabetzeko aukera izan genuen atzo. Ondo defenditzeaz gain sakearekin min asko egiten du eta aurrekoadroetan tantoa errez amaitu ere bai, ezker airez baitipat, azkar eta ondo joaten delarik pilotaren bila eta abiada haundiz zeharkatu edo txokoan utzi. Partidaren azken zatian jokoaren erantzunkizuna bera gain hartuaz, oso estu jarri zitzaien norgehiagoka aurrera ateratzea lortu zuen Lasarekin batera . 9 tanto egindako, hoietako lau sakez, eta 3 galdutakoak.

· Adur Lasa Etxarri aranaztarrak ez zuen egunik onena izan atzo, pilotara jarri ezinik eta eraman behar diren pilotak galduaz. Ihes egindako pilota batekin egindako tanto bat eta 7 galdutako kontatu genizkion, hoietako bi sake restokoak. 

Final-laurdenen hasiera

Datorren astean azken laurdenetako partidak izango dira eta jubenil mailan aldaketa bat egin beharrean aurkitu dira antolatzaileak, abuztuaren 6ko jaialdian hain zuzen: Okinena-Ruiz bikoteak jokatuko du Iribarren-Iruritaren ordez, egun berean Getariko Salbatore txapelketako finala jokatuko dutelako azken hauek.

Abuztuaren 4ko jardunaldian honako partidak jokatuko dira:

1. Jubenil mailan: Zabala-Mendia / Salaberria-Erauskin

2. 23 urtez azpikoen mailan: Peña-A. Imaz / A.Etxebarria-Mateo