Zumaiako Musika Jaialdia

Iker Gonzalez Cobeaga: “Nire barnean hitz hauei musika jartzeko gogoa piztu zen”

Baleike 2015ko abu. 1a, 11:06

Errenteriako Landarbaso eta Zumaiako San Pedro Abesbatzek kontzertua eskainiko dute igandean, 20:00etan, parrokian. Emanaldi honetan Que el amanecer… izeneko obra aurkeztuko du Zumaiako koroak. Hitzak Antxon Gonzalez Gabarain zenak idatzi zuen El Gran Caminante liburukoak dira; musika, berriz, San Pedro Abesbatzako kide Iker Gonzalez Cobeagarenak. 

Konposizio hau sortzera zerk bultzatu zion galdetu diogu Iker Gonzalezi eta hona hemen zer erantzun digun:

Abesti bakoitza idazteak mundu berri batean sartzea eskatzen dizu. Zenbait kasutan hitzek bultzatzen zaituzte abesti bat idaztera. Hala gertatu zitzaidan Antxon Gonzalez Gabarainek idatzitako El Gran Caminante liburuarekin. Hau irakurtzen ari nintzen bitartean, zenbait unetan, musika idazteko gogoa sortzen zitzaidan. Antxon Burgoseko mendietan galduta zegoenean edota Gaztelako lautadetan bakardadea sentitzen zuenean, guzti horri “soinu banda” bat bilatu nahi nion.  Hori bai, ez zen korurako egokia, izatekotan zerbait instrumentala izan behar zen. Kontua da El Gran Caminante ez dela kontaketa labur eta arin bat, ia 400 orrialdetara iristen den kontakizun zabal bat da. Bertan gainera oso une ezberdinak ageri dira, goxoak eta gogorrak, sakonak eta guztiz dibertigarriak.

Hala ere, liburua amaitu nuenean hor geratu ziren nire asmoak. Apalean gorde nuen baina bertatik liburuaren atzealdean zeuden esaldiak erraz irakurri nitzakeen: “Que el amanecer se cubra con un manto de enigmas…”. Ez dakit zenbat aldiz irakurriko nituen hitz hauek, baina nire barnean hitz hauei musika jartzeko gogoa piztu zen. Nire buruari, ordea, beti erantzun bera ematen nion: “Ez da olerki bat, ez du definitutako metrika bat”.  Musika idazteko garaian metrika errima baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Musikak bere erritmoa behar du eta abesti hauetan erritmo hori hitzetatik sortzen da. Adibide garbi bat bertsoetan aurki dezakegu, jendeak arreta handiagoa jartzen dio errimari baina esaldi bakoitzak beti izan behar du silaba kopuru zehatz bat. 

Hau ikusirik ezin zen erritmo itxi batera ondo finkatu, aldakorra izan behar zen abestia, une bakoitzak eskatzen zuenari musika jarriaz. Azkenean saiakera bat egitea erabaki nuen, ez nekien nola uztartuko nituen hitzak eta musika baina garbi neukan  egin behar nuen lanetik ere asko ikasiko nuela. Antxonek idatzitako hitzak lasai irakurri eta hitzetan zegoen erritmoa “harrapatzen” saiatzea izan zen hurrengo pausua. Hitzen eta musikaren arteko lotura oso garrantzitsua dela pentsatu  izan dut beti eta horrelako kasu batean oraindik gehiago. Testua garbi zegoenean, pianoan “jolasten” hasi nintzen “amanecer”, “enigmas” , “espesura” edo “senda” bezalako hitzei sonoritateak bilatuz. Lehenengo asmoa ahots hutsez idaztea bazen ere, akonpainamendurik gabe, testuan aurrera nindoala folk estiloko doinuak etorri zitzaizkidan burura, Luar na Lubre taldeak egiten dituen modukoak. Azkenean, erraztasunez eta bideragarriena zelako, pianoarekin lagunduta idaztea erabaki nuen. Hori bai, ez nuen lehen asmo hura guztiz ahaztu nahi eta zenbait uneetan ez nuen nahi pianoak protagonismo handirik izatea. Guzti hau gutxi ez balitz, liburuarekin loturak sortu nahi nituen, adibidez olerkiaren amaieraren eta liburuaren Epilogoaren artean, bertan agertzen baita bere “Poniente que no marchita el anhelo”.

Musika sortzea ez zen aurrez pentsatutakoa bezain konplikatua izan, pianoan ez behintzat. Komeriak dena paperera pasatzerako garaian etorri ziren. Esaldiak irregularrak zirenez erritmoa ez zen mantentzen eta zenbait alditan konpasa ere aldatu beharra zegoen, pianoan pentsatu gabe egiten nuen zerbait. Lehen zirriborroa eskuz idatzi ondoren gero dena editatzeko eta, nola ez, zuzentzeko garaia iritsi zen.

Baina idaztea pausu bat da, gero idatzitako guztia musikara eraman behar da. Benetan eskertu nahi diet San Pedro abesbatzako kideei eta modu berezi batean Amaiari eta Mari Carmeni egiten ari diren lan guztia. Idatzitako guztia “kontatzen” saiatzen direlako, Javi Bustok esan ohi duen bezala kantatu baino esaten duguna “kontatu” behar delako.