Zumaiako Musika Jaialdia

Zumaiako Musika Jaialdia Klarinete Maratoiko laukotearen kontzertuarekin hasiko da ostiralean

Baleike 2015ko uzt. 30a, 20:33

Bihar, ostirala, hasi eta abuztuaren 12ra bitartean musika, antzerki, zine eta dantza saioak izango dira herrian Zumaiako Musika Jaialdiaren eskutik. Lau musikari gazteren klarinete doinuek emango diote gaur hasiera aurtengo Zumaiako Musika Jaialdiari. 

Zumaiako Udalak, Musika Patronatuko kideen laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean antolatzen duen ekimena abuztuaren 12ra bitartean luzatuko da aurten eta, azken urteetako dinamikari jarraituta, ez dira faltako musika, dantza, zine eta antzerki saioak herriko txoko desberdinetan. 

Musika klasikoaren erakusleiho bezala sortu zen Jaialdiak aldaketak izan ditu azken urteotan publiko zabalago batera heldu nahian. Hala, musika klasikoaren oinarria mantentzen bada ere, jazzari, euskal musikari edo gospelari ere tartea zabaldu zaio egitarauan.

2014ko azaroan egin zen Klarinete Maratoian antolatu zen laukoteen lehiaketako talde irabazlearen kontzertuarekin hasiko da gaur 2015eko Musika Jaialdia. Emanaldia 20:00etan izango da, Mari kalean (euria egiten badu Alondegira eramango da).

Bi zumaiarrek (Peru Tolosa eta Malen Trenado), durangar batek (Leire Rodriguez) eta azpeitiar batek (Jon Irigoienek) osatzen dute talde hau. Maratoiko lehiaketan parte hartzeko elkartu ziren lehen aldiz eta, aurkari gogorrak izan bazituzten ere, irabazle suertatzeko maisutasuna erakutsi zuten. Diru kopuru batez gain, Musika Jaialdia zabaltzeko ohorea izan zen jaso zuten saria.

Honako programarekin osatuko dute emanaldia:

1- Minuet (Boccherini) 

2- Rondo (Haydn) 

3- Brahms Waltz (Brahms) 

4- Vois Sur Ton Chemin (B.Coulais) 

5- Circus Clarinets (Mike Walton) 

6- Suite City Scenes (Terence J.Thompson) 

a) A Stroll In The City 

b) Blowing The Bluges 

c) Hot Potato Boogie 

7- Israelian Folksongs (arr. Coen Wolfgram) 

a) Yisrael v`oraita 

b) Hatikva 

c) Hava Nagila 

8- Jericó 

9- Nere herriko neskatxa maite (Benito Lertxundi) 

10- Russiche Volkslider und Tanze (Josef Bonisch) 

Zumaiar ugari 

Malen eta Peru ez dira izango Jaialdia zumaiar bakarrak. Ohikoa den bezala, San Pedro Abesbatzak kontzertu bat eskainiko du (abuztuak 2, parrokian). Amaia Aldalurrek zuzentzen duen taldeak zabaldu izan du jaialdia aurreko urteetan, baina aurten igandeko data gorde zaio. Errenteriako Landarbaso abesbatza ospetsuarekin harreman estua du Zumaiako koro honek eta parrokiko emanaldian saio bateratu bat eskainiko dute. 

San Pedro Abesbatzak obra bat estreinatuko du igandeko saioan: Que el amanecer... Hitzak Antxon González Gabarain zenak idatzitako El Gran Caminante liburutik aterata daude eta musika, berriz, Iker Gonzalez Cobeaga​ San Pedroko kideak konposatu du.

Gonzalez bera izango da abuztuaren 10eko protagonista, Paperetik soinuen mundura izeneko hitzaldia eskainiko baitu.

Beste bi herritar ere partaide izango dira aurtengo edizioan: Telmo Egañak Baionako Choeur Go Swing gospel taldean abesten du eta Jaiotz Osa dantzaria Lasala dantza konpainiarekin arituko da Hooked ikuskizunean.

Sarrerak eta Hamabostaldia

Musika Jaialdiko ia emanaldi guztiak doakoak izango dira. Abuztuaren 3rako, astelehenerako, antolatutako haurrentzako Barrokino ikuskizunak bakarrik izango du sarrera, 2 eurokoa. Dagoeneko salgai daude turismo bulegoan. 

Donostiako Musika Hamabostaldiak urteroko konfiantza mantentzen du. Aurten, elkarlanean, Cuarteto bretón soka laukotearen kontzertua izango da Maria eta Jose ikastetxeko aretoan.