"Aspalditik nuen gogoa leku hori fotografiatzeko eta lehiaketa honek aukera eman dit"

Baleike 2015ko uzt. 30a, 10:36
Oskar Gaskon Marañon. Ezkerrean, argazki irabazlea.

Castron ateratako argazki batekin irabazi du Oskar Gaskon Marañonek Zumaiako XXVII. Argazki Lehiaketa. Zuri-beltzezko argazkiei mugatutako lehiaketa honek inoiz baino partaidetza handiagoa izan du: 202 lan aurkeztu dira eta epaimahaikideen ustetan labarrean behera itsasora jaisten den irudia izan da onena.

Asteazken arratsaldean banatu ziren sariak Oxford aretoan. Distira elkarteko kide Jorge Murgiondok esandakoaren arabera, 202 izan dira aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanak. Epaimahaia Manu Barreiro, Jose Luis Irigoien eta Cesar Lera argazkilariek osatu zuten. "Hasieran lanak kentzen joan ziren eta 202tik 89-95era jaitsi zituzten. Hortik 36ra jaisteko nahikoa lan izan zuten eta azken hiruretara heltzeko oraindik gehiago", azaldu zuen Murgiondok.

Epaimahiaren iritzian, lehiaketako irabazlea Oskar Gaskon Marañon izan da Escaleras al Cantábrico argazkiarekin. Bigarren saria Iñaki Aranburuk eskuratu zuen Algorriko argazkiarekin, hirugarrena Carlos de Cos Azconak Lau lanarekin eta zumaiar onenarena Jose Juan Azkuek Scala 1 irudiarekin. Aipatu Eskailerak izan dela lehiaketa honetako gaia. 

Saria jasotzerakoan argazkilariek beren lanen inguruko hitz batzuk esan zituzten. Hala, irabazleak aipatu zuen aspalditik zuela leku hori fotografiatzeko gogoa. "Castron dago eta erraz heldu daitekeen leku batean dago. Baina, ez dut inoiz argazkitan ikusi. Pare bat saiakera egin nituen aurretik, baina emaitzekin ez nintzen gustura geratzen. Orduan heldu zen Distiraren proposamena".

36 lan onenekin osatutako erakusketa abuztuaren 14ra bitartean izango da zabalik Alondegiko Oxford aretoan, egunero 18:30etik 20:30era. Xabi Garmendia zinegotziak esan zuen bezala, "kontu handiarekin ateratako argazkiak dira eta ea gizarte azkar honetan denbora bat hartzen dugun lan hauek ikusteko".