Itzurun zuzenean zure pantailan

Baleike 2015ko uzt. 30a, 08:53
Itzurungo hondartzaren irudi panoramikoa Talaimenditik. Web kamera Zelai talasoterapian jarri dugu. Argazkia: Gorka Zabaketa

Baleike.eus-en zerbitzu berri bat estreinatu dugu: Itzurungo hondartzako irudiak zuzenean eskaintzen hasi gara Baleike.eus/webkamera helbidean.

Hondartzazaleentzat, etxetik abiatu aurretik hondartza nola dagoen ikusteko aukera izan dezaten; surflarientzat, olatuak ba ote dauden kontrolpean izateko; arrantzaleentzat, itsasora ateratzea merezi ote duen erabakitzeko; bisitarientzat, Zumaiara etorri edo ez zalantzak uxatzen laguntzeko; kanpoan diren zumaiarrentzat, Itzurun zein ederra den ez ahazteko; azpeitiarrentzat, eguraldiagatik galdezka beti telefonoz deika ibili behar ez izateko; etxeko edo bulegoko zulotik atera ezin eta bihotzari arnas pixka bat eman nahi dioten zumaiarrentzat... Orohar, hondartzako erabiltzaileentzat eta Itzurun maite dutenentzat sortu dugu zerbitzu berri hau.

Web kameraren irudiekin batera, itsasoaren informazioa ematen duen Windguru-ren taula gehitu dugu –Zarauzko erreferentziarekin, olatuen informazioa eman ahal izateko–; eta hondartzaren ezaugarriei buruzko azalpen labur bat ere bai.

Baleikek eskerrak eman nahi dizkie Zelai Talasoterapiari eta Ekin Elektrizitateari, proiektu hau gauzatzeko eman duten laguntzagatik. 

Oharra; irudiak ez dira grabatzen eta urrutitik daude hartuta, inor ez identifikatzeko moduan.