Zozkatu ditugu 'Barrokino' haur ikuskizunarentzako sarrerak

Baleike 2015ko uzt. 29a, 13:08

Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan egingo den 'Barrokino' haur ikuskizunerako Kultura Sailak emandako bost lagunentzako bina sarrera zozkatu ditugu Baleikeko bazkideen artean. 

Sarituak honakoak dira: Montse Atxega, Ana Egaña, Imanol Zuazobide, Iera Urkidi eta Ihintz Linazisoro. Sarrerak Aita Mari aretoko leihatilan aurkituko dituzue.

Oraingoan zorterik izan ez duzuenok gogoratu sarrerak salgai daudela turismo bulegoan 2 euroan. Doan izango da Aita Mariko bazkide txikientzat. 

Barrokino ikuskizuna astelehen honetan, abuztuaren 3an, 19:00etan, estreinatuko da Aita Mari aretoan. Lau urtetik gorako haurrentzat eta familia osoentzat zuzendutako ikuskizun ederra da.

Sinopsia

Corelli, Zala eta Galdeano, Nebra, Bach, Biber eta Vivaldiren lanak hautatu eta istorio oso berezia ehundu du Teatro Paraísok: viola da gamba, biolin eta gitarra barrokoaren antzinako doinuak, ahotsekin eta akzio dramatikoarekin uztartuko dira.

Lorategian merienda egiteko bilduko dira hiru instrumentista, bi abeslari eta emakume aktore bat. Antzezlea da lagunak gonbidatu dituena arratsalde pasa mahai oparo baten inguruan, kopa finetan edan eta fruta ugaria dastatzera.

Giro bukoliko honetan denbora geratu egingo da, musika eta dantza barrokoarekin jolasean, lagunartean jan eta edaten ari direla.

Estetika landuak, girotzeak eta garai bateko arropek, mugitzen den margolan barroko bat dakarte gogora.

Barrok…ino egitasmo musikal eta eszeniko berezia da, emozioa eta gozamena sentiarazteko pentsatua, ikusleen zentzumenak kitzikatuko dituen inguru poetiko batean.

Arte barrokoa dinamikoa eta sentsoriala da, beraz, ezin egokiagoa bereziki haurrei zuzendutako ikuskizun baterako.

Plazer hutsa izango da. Gozatu!