Udal Brigadako hiru lanpostu berriak bertan behera uztea erabaki du Udalak

Baleike 2015ko uzt. 28a, 18:57

Aurreko legealdian, udal brigadako lan taldean hiru lanpostu berri sortzea erabaki zuen Udalak -gauzatu gabe zegoen oraindik–; Udalbatza berriak atzera bota du erabakia. "Legea urratzen zuen erabaki hark, eta gainera brigadaren funtzioak definitzeko beharra ikusten dugu", arrazoitu du Oier Korta alkateak.

Joan den apirilaren 30ean –aurreko legealdian–, udal brigadako taldea osatzeko hiru lanpostu berri sortzea erabaki zuen Udalak. «Lan publikoaren aldeko apustua» zela arrazoitu zuen orduan Udal Gobernuak;baina erabaki hark Udaleko kontu-hartzailearen kontrako txostena ekarri zuen, Espainiako legea urratzen zuelako. Lanpostu publikoen kostea handitzeko aukerarik ez dute udalek, eta lan taldea handituta legea urratzen zen. Hala ere, aurrera egitea erabaki zuten orduko agintariek. 
 
EAJk orduan kontrako jarrera adierazi zuen eta, agintera iritsi direnean, atzera bota du erabakia. «Lehenik eta behin, legea urratzen duelako, eta gu ez gaude horretarako prest; baina, baita ere, brigadaren funtzioak ondo aztertu nahi ditugulako, definitzeko benetan zer lan egin behar dituen eta nolako taldea behar dugun», azaldu du Oier Korta alkateak. Irailean ekingo diote gaia aztertzeari. 
 
Gaur egun, hiru dira lanpostu finkoa duten langileak. Beste hiruk obra amaitu arteko kontratuta dute –gehienez hiru urtez luza daitezke kontratu hauek–, eta laugarren bat gizarteratze plan bati lotuta ari da lanean. Bestalde, uztailaren 2an, bi langileri obra amaitu arteko kontratua amaitu zitzaien.
 
EHBilduren kontrako botoak jaso zituen erabakiak plenoan, aurreko Udal Gobernuak lan publikoaren alde egindako apustua babesten dutelako.
 
Bestalde, turismo sailean, 9.000 euro inguruko aurrekontua onartu du Udalak uda partean langile baten zerbitzuak kontratatzeko. Kanpoko zerbitzu modura kontratatu denez, ez du eraginik legeak lanpostu publikoen kosteari ezarritako mugan.
 
Oikiako eskolarako lurrak, Jaurlaritzaren esku
 
Beste erabaki batzuk ere hartu ziren asteleheneko ez ohiko plenoan. Esate baterako, Oikiako eskola berria egiteko lurrak Jaurlaritzaren esku uztea onartu zen, aho batez. Aurrerantzean, Jaurlaritzaren ardura izango da urratsak egitea. Aurreikuspenaren arabera, 2017rako egongo da eskola prest.