Urola zeharkatuz

Baleike 2015ko uzt. 28a, 11:37

Zumaiako artxibategia eta bertan gordetzen diren altxorrak ezagutera emateko asmoarekin, hilero artxibategian gordetako dokumentuekin erreportaje bat prestatzen du Udaleko kultura sailak. Urolaren itsasadarra zeharkatzeko zerbitzuaz hitz egiten da uztaileko idatzian.

Uda garaia iristen denean, Zumaian Urolako itsasadarra zeharkatzen duen ontzi zerbitzua jartzen da martxan. Gehienek herrigunetik Santiago hondartzarako joan etorria egiteko baliatzen dute. Zerbitzu honek, ordea, Zumaiako historian sakontzen den sustrai luzea du.

Herriaren garapenari erreparatzen badiogu, Zumaiaren itsuraldaketa ikusgarriaz ohartzen gara. Garai batean, gaur egun alde zaharra kokatzen den muinoa, urez eta padurez inguratua zegoen eta Getaria eta Zumaia lotzen zituen bidearentzat Urola ibaiaren itsasadarra eten bat zen. Horrela, Getariatik Zumaiara edo Zumaiatik Getariara joan nahi zuenak itsasadarra zeharkatzeko beharrarekin egiten zuen topo. Bide hau gainera, Probintziako hiru bide nagusienetariko bat zen, Bizkaia eta Frantzia lotzen zituen ibilbidea hain zuzen.

Komunikabideak zuen oztopo hau gainditzeko, Urola zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua jarri zen abian. Kostaldeko herrietan horrelako zerbitzuak topatzea nahiko arrunta izan ohi da; portu eta baietan bidaiariak alde batetik bestera eramatea beharrezkoa baitzen. Zumaiak izan zuen lehen herri-zerbitzua izan zela esan daiteke.

Bidaiari ontzi honen inguruko lehen aipamenak 1583ko udal aktetan topatu ditugu. XVI. mendeko idatziek, ordea, ez dute zerbitzu honi buruzko informazio gehiegirik eskaintzen. Hori bai, 1585 urterako bidaiari ontziaren zerbitzua Udalak enkantean jartzen zuela ematen da aditzera. Gainera, urte horretan bertan, enkantea irabazten duenak ontzi berria eraikitzeko ardura izango duela jakinarazten da. XVI. mende bukaerako idatzi hauek Urolako itsasadarra zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua lehenagotik martxan zegoela adierazten digute.

Behin XVII. mendean sartuta berriak ugaritu egiten dira.  Udalak enkantean jartzen jarraitzen zuen bidaiari ontziaren zerbitzua, honen kudeaketa eskaintzaile onenak eramaten zuelarik. Udala ontzia eraiki eta konpontzeaz arduratzen zen, baina errentariak bi baldintza bete behar izaten zituen:

  • Zumaiarrak ontzian alde batetik bestera doan eramatea.

  • Bere kontura ontzia urtean bi aldiz karenatzea.

1690eko agiri batek ontziaren enkantea Jose Iriarteren aldekoa izan zela erakusten digu. Urtean 17 dukat ordaintzeko eskaintza eginez 4 urterako kudeaketa lortu zuen. Kontsultatutako agirien arabera, ontziaren kudeaketa 4-6 urte bitartekoa izaten zen eta honekin Udalak lortzen zituen etekinak oso desberdinak izan zitezkeen enkantetik enkantera. Hala ere, etekinak etekin, Udalarentzat ezinbesteko zerbitzua zen bidaiari ontzia.

Erabilerarekin ontziak konponketa ugari behar izaten zituela pentsatzekoa da. Zenbaitetan ontzi berria egiteko beharra ere suertatzen zen, Udalaren ezintasun ekonomikoa agerian geratzen da sarri horrelakoetan. Ontzi berria eraikitzeko ezintasunak ontzi zaharra behin eta berriz konpondu behar izatera eramaten zuen. Herria Donostiako bide komertzialarekin lotzen zuen bidaiari zerbitzu hau oztopoko guztien gainetik mantentzen saiatu zen Udala. Mendeetan luzatu zen; itxura denez 1886an kostaldeko bideak Zumaia eta Getaria lotu zituen arte.