BIDEOA: Jon Urbietaren imitazioak

Baleike 2015ko uzt. 22a, 09:41
None

Euskadi Irratiko Faktoria saioan pertsonaia ezagunen imitazioak egiten ditu Jon Urbietak, astean behin –asteazkenero, 12:15ean–. Iñigo Urkulluren imitazioa prestatzen ari dela aurreratu digu jarraian irakur dezakezuen elkarrizketan, eta imitazio sorta ere egin du Baleike.eus-entzat: traineruan sartu ditu Joseina Etxeberria, Boris Izagirre, Mikel Olazabal, Albako Dukesa... eta, amaieran, Zumaian oso ezaguna den pertsonaia jarri du lemazain. Ea asmatzen duzuen nor den! 

Ez da erraza Jon Urbieta (Zumaia, 1988) bi hitzetan definitzea. Ume koskorra zela, Betizu taldeak (ETB1) eman zion bere bi pasioak, musika eta telebista, uztartzeko aukera –era askotariko telebista saiotan hartu du parte orduz geroztik–; Djon izenarekin, musika saioak ere eskaintzen ditu jai pribatu zein pu- blikotan; teknologia berriekin trebea, sare sozialetan jantzia... Bakarrik falta zitzaion pertsonaia ezagunen imitazioak egiten hastea. Horretarako aukera ere iritsi zaio. 
 

 
Noiztik egiten dituzu imitazioak?
Txikitatik. Konturatu nintzen abesterakoan ahotsak ondo egiten nituela, banuela erreztasuna. 
 
Eta zein izan ziren zure lehen imitazioak?
Simpson marrazki bizidunetako elkarrizketak imitatzen nituen. Telebistari ahotsa kendu eta azpitituluak jartzen nituen teletexto-an. Horiek dira nire lehen imitazioak.
 
Orain hasi zara Euskadi Irratian imitazioak egiten, soilik ahotsean oinarrituta. Horrela zailago izango da, ezta?
Imitazioak egiterakoan oso lagungarria izaten da pertsonaia bakoitzak izaten dituen keinuak-eta harrapatzea. Bai, ahotsarekin bakarrik zailago da. Eta astero saio bat egitea erronka da niretzat
 
Zer pertsonaia imitatzen dituzu?
Orain arte egin ditudan saioetan, adibidez, Mikel Olazabal kazetaria, Baserri arrauneko aditua, Joseina Etxeberria... Espainiakoak, besteak beste, Mariano Raxoi presidentea, Boris Izagirre, Albako Dukesa, Juan Carlos errege ohia... 
 
Esan pertsonaiaren bat imitatu nahiko zenukeena eta oraindik ez zaizuna ondo ateratzen.
Bat baino gehiago. Adibidez, Iñigo Urkullu lehendakaria imitatu nahi nuke. Uste dut jokoa ematen duela, hitz egiteko modu berezia du. Baina proba batzuk egin ditut, eta oraindik ez dut lortu nahi dudana. 
 
Faktoriako saioak, gainera, Internet bidez ikus daitezke. Zure ekimena izan da edo saioko arduradunena?
Teknologia berriak asko erabiltzen ditut eta pentsatu nuen ondo legokeela saioa zabaltzeko dauden tresnak erabiltzea. Euskadi Irratia jende helduak entzuten du batik bat, eta nik publiko gazteagoarengana ere iritsi nahi dut. Horregatik, erabaki nuen estudioan kamera pare bat jarri eta Internet bidez zuzenean ematea. Horrela imitazioak entzuteaz gain, ikusteko aukera dago.
 
Imitazioen bide honetatik jarraitzeko asmoa al duzu?
Nik ez diot aterik ixten nire buruari. Niri musika eta telebista gustatzen zaizkit gehien, baina imitazioena ere hor neukan eta orain sortu da aukera. Saioa udarako da printzipioz, eta ez dakit gero zer gertatuko den. Ez dut epe luzerako planik egiten, gauzei datozen bezala heltzen diet.