Iñaki Agirrezabalaga alkate ohiaren gutuna, soldatak direla eta

Baleike 2015ko uzt. 17a, 10:30

Zoritxarrez, nire izena agertoki publikora azaleratua izan da, udalean dauden egungo kargu publikoek jaso beharreko soldataren harira, gaia beste norabide batean jartzeko helburuarekin.

 Egungo alkateari egindako elkarrizketa batean, gai berdinaren inguruan, guk orain dela 8 urte hartutako erabakiaren inguruko interpretazio “berezi” bat egiten duela irakurri ahal izan dut. Era berean, sare sozialetan itsatsi diren jakinezko adierazpen maltzurrak iritsi zaizkit. Horren aurrean, zenbait gai argitu nahiko nituzke:

1.-Alkate bezala jaso beharreko soldata orain 8 urte erabaki zen, eta garai hartan ez nintzenez Gipuzkoako batzarreko kide, soldata ezartzerako garaian, azken zirkunstantzia honek ez zuen inolako eraginik izan.

2.-Nire azken legealdian, azken 4 urteetan, herriko alkate zein Gipuzkoako batzarkide izaerak uztartu ditut, batzarkide izateagatik ez dudalarik inongo soldatarik jaso. Nire soldata bakarra alkate izaeragatik izan da.

3.-Plenoetara edo batzordeetara azaltzeagatik, Gipuzkoako batzarkide bakoitzak dieta deritzon kontzeptuagatik kantitate bat jasotzeko eskubidea dugu. Legealdi guztian zehar, batzarkide modura, hileko eta bataz-beste 1,6 egun azaldu izan naiz pleno edo batzordeetara, ondorioz pertsonalki hileko eta bataz-beste 144,38 euro jaso ditut (urte ezberdinetako nire errenta aitorpenetan azaltzen den moduan).

4.-Nire ondorengoei errespetu bat zor diedalakoan eta jakinik egungo udal korporazioko kide ere ez naizela, hartutako erabakiaren inguruko baloraziotan ez naiz sartuko. Eskatzen dudan gauza bakarra bakoitza bere erabakiaren jabe izatea da. Edozein kasutan, erabaki horiek herriaren onerako izan daitezela opa dut.