Zumaiakoaz gain, beste hainbat alkatetza ere galdu ditu EHBilbuk Gipuzkoan zehar, gehienak EAJren mesedetan galdu ere, lurraldeko Aldundia bezalaxe. Eta, mass-medietan iruzkindu denaren arabera, atez ateko zabor bilketak eragin nabarmena izan du gipuzkoar askok konfiantza erretira diezaioten ezker abertzaleari. Baina bada beste kontu bat, gutxienez, gutxitxo aipatu bada ere, min handia egin diena herritarrei; Zumaian eta kostaldean EHBilduk gobernatutako gainerako herrietan ere, mingarri bezain ulertezin izan zaiguna. Etxe hutsen gaineko zerga igoeraz ari naiz, hain zuzen.
Zumaian etxe “huts” bat daukagunoi IBIa bikoiztu ez ezik hirukoiztu ere egin digute EHBildukoek. Eta, etxe “hutsa” diodanean, Udalaren ustez, bertan inor erroldatu gabeko etxea izan da, ez hutsa derrigorrean; hau da, etxegintzako espekulatzaileekin batera, denak zaku berean, herentzian jasotako etxeak edota uda eta asteburu pasarako etxeak ere sartu dituzte, inolako bereizketarik egin gabe. Aitzakia izan dute etxebizitzarako eskubide subjektiboa delakoa, eta, horrela, etxeok merkatura aterako zituztela uste izan dute; baina, betiko legez, usteak erdia ustel.
Ni bigarren multzo horretakoa nauzue. Bertan bizi ez banaiz ere, orain dela hogei urte inguru, erabaki garrantzitsua hartu nuen neure bizitzan: nire opor egunak, munduan barna bidaiatzen eman beharrean, aurrerantzean, Zumaian emango nituen; bertan dirua gastatu, bertan seme-alabak hazi, errotu… Euskal Herria kontsumitu eta gozatu, azken batean. Nahi nuen bakarra Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat bizitzea zen, beste askok, nik aspaldian bezala, kanpoan, Espainian esaterako, bere diruak xahutzen zituzten bitartean; besteak beste, EHBilduko abertzale anti-espainolista askok eta askok.
Halaxe egin eta, ordainean, zigorra jaso dut urteotan. Eta, nik bezala, Zumaiara udaro, astebururo edo ahal bestetan etortzen diren “kanpotar” askotxok; edo azken gurasoa hil eta haren etxea oinordean jasotako hainbat zumaiarrek; edo, seme-alaben etorkizunean pentsatuta, beste etxebizitza bat erosiz inbertitu duten zumaiarrek ere. Horiek guztiak, neu barne, ez gara espekulatzaileak, ez gara etxebizitzarako eskubide subjektiboarekin jolasean ari, ez diogu Zumaiari inolako galbiderik ekarri; aitzitik, on besterik ez diogu egin hainbeste maite dugun herri honi.
Gure lanaz, izerdiaz, urteetako aurrezki eta sakrifizioez sortu nahi izan dugun apurra zigortu egin digute EHBilduko zigortzaileek, eta, orain, herriak zigortu ditu zigortzaileak; zorionak, Zumaia.
Azkenik, galdera xumea Oier alkate berriari: prest al zaude halako neurri zigortzaileak atzera bihurtu eta bere onera ekartzeko? Merezi al dugu EHBilduk ezarritako zigor hau ordaintzen jarraitzea? Zeurea da hitza, Oier. Bejondeizula eta zorte on.