Europako Txapelketa irabazi dute Unai Gerekak eta Imanol Barruetabeñak

Baleike 2015ko uzt. 5a, 16:57
Unai Gereka eta Imanol Barruetabeña.

Garaipen handia lortu dute gaur Itxas-Gaineko piraguista Unai Gereka eta Imanol Barruetabeñak: junior mailako Europako Txapelketa irabazi dute Eslobeniako Bohinij hirian. Irati Osa zazpigarren izan zen atzo K2an Ainhoa Hidalgorekin.

Joan den urtean brontzezko domina irabazi zuten Eslovakian eta aurten podiumeko gainaldea zapaldu dute Itxas-Gaineko bi piraguistek. Xabier Osa entrenatzaileak azaldu digunez, estropadaren buruan egon dira uneoro. Lauzpabost piragua izan dira aurrean. Itxas-Gainekoak aurrera joan dira lehen garraiatzean, baina atzekoek harrapatu egin dituzte. Hala ere, lehen garraiatze horretan Ingalaterrako K2ak piragua hautsi du, eta aurkari gogorra gelditu da jokoz: "K1eko estropadan bi ingelesak izan ziren podiumean eta bikotea oso ona osatzen dute".

Hungariako K2a zen podiumera igotzeko beste faboritoetako bat, baina hauek ere piraguarekin arazoren bat izan dute azken garraiatzean. "Gureak aurrera atera dira eta bakarrik iritsi dira helmugara, 20 bat metroko aldearekin", azaldu du Osak.

Bestalde, Irati Osak larunbatean jokatu zuen K2ko proba, Bizkaiko Ainhoa Hidalgorekin, eta zazpigarren postuan sailkatu ziren. Bai Gerekak eta Barruetabeñak, bai Osak eta Hidalgok, irailean Munduko Txapelketa jokatuko dute Hungariako Gyor hirian.

Osak azpimarratu du jendea askok egindako lanaren saria dela Europako Txapelketan lortutako emaitza bikainak.