Asturiarrak nagusi aurtengo Urolako Igoera-Jaitsieran

Baleike 2015ko uzt. 4a, 20:43

Daniel Jesus Perez eta Guillermo Perez izan dira estropada osatzen azkarrenak. K1ean, Borja Estomba izan da lehen gizonezkoa eta Sheila Saez lehen emakumezkoa. Zumaiarren artean, Amaia Ortiz de Zaratek lehen postua lortu du kadete mailan. Bideoan daukazue probaren laburpena, Santiagoko irteerako irudiekin.

Aurten Itxas-Gaineko piraguistek nahikoa lan izan dute kanpotik etorritako maila handiko aurkariei aurre egiteko. Santiagoko hondartzako irteeran irudi ederrak ikusi dira, ur ertza dena piraguaz josita hondartzaren punta batetik bestera. Ohi bezala, ikusgarria izan da irteera: kolpeak, piraguak kateatuta, bat edo beste iraulita... Abilenak aurrera atera dira ziztu bizian, olatuak brankaz zetozela.

Dozena erdi piraguaz osatutako taldeak hartu du burua. Aurrekoekin izan dira hasieran Unai Azkune eta Martin Egaña, eta Kepa Etxabe eta Xabier Osa etxeko bikoteak, baina ezin izan diote erritmoari eutsi eta pixkanaka atzean gelditu dira. Azkune eta Egaña, hala ere, bigarren taldetxo batean eusteko gai izan dira eta seigarren postua lortu dute helmugan. Etxabe eta Osa zortzigarren izan dira, eta Vicente Royo eta Bernardo Flores 12. Irabazleak Daniel Jesus Perez eta Guillermo Perez asturiarrak izan dira.

K1ean ere Borja Estomba asturiarra izan da onena gizonezkoetan. Zumaiarren artean, Aitor Manzisidor izan da azkarrena, bederatzigarren postuan. Emakumeen estropadan, Valladolideko Sheila Saezek irabazi du.

Amaia Ortiz de Zarate irabazle

Baina izan da zumaiarren artean garaipena lortu duenik. Amaia Ortiz de Zarate kadete onena izan da bere estropadan, bigarren sailkatuari zazpi minutuko aldea aterata, gainera. Helene Carmona zazpigarren izan da. Jule Olaizola eta Libe Etxanizek hirugarren postua lortu dute junior mailan (K2). Mutiletan Felix Uranga kadetea bosgarren izan da, eta Xabier Altadil eta Mikel Casquero zazpigarren K2an.