Mariachien callejonada eta kontzertua izango dira larunbatean Zumaian

Baleike 2015ko uzt. 2a, 08:26
Jazmín de la Rocha abeslari gonbidatua duen Mariachi Alma de Tapatía taldeak ranchera eta corridoz betetako callejonada eta kontzertua eskainiko ditu larunbat honetan 

Eibartarrek Zumaiako beraneanteen ehuneko handi bat osatzen zuten garai hartan, Etxe Ona jatetxeko gauetan Mexikoko zaporea zuten kontzertuak izaten ziren udaro. Jatetxe hau aspaldi desagertu bazen ere, rancheren zaletasunak bere-berean jarraitzen du eta larunbat honetan gogo hori asetzeko aukera izango da Mariachi Alma de Tapatía taldearen ekitaldiekin: 19:30ean kalejira edo callejonada izango da eta 22:30etik aurrera kontzertua Eusebio Gurrutxaga plazan.

Hamabi lagunez osatzen da taldea eta bisitaldi honetan gonbidatu berezi bat ekarri dute, Jazmín de la Rocha La gallera abeslaria. A tempo espectaculos etxeak ekarri ditu Euskal Herrira eta 15 hilabetez izango dira geurean, «Mexikoko musika erakusteko. Gehienbat Euskal Herrian joko dugu. Espainian ere aurkezpen batzuk egingo ditugu eta Europako beste nonbaiten jotzeko aukera sortzen bada, gustura joango gara», zioen Martín Enrique Guzmán taldekideak. Berekin ziren Sebastián González taldekidea eta Jazmín de la Rocha abeslari gonbidatua».

Taldea 2011. urtean sortu zen Guadalajaran. «Guadalajaran bada perla bat Tapatía izena duena eta tapatíos bezala ezagutzen gaituzte bertako guztioi. Hortik dator Alma de Tapatía izena». Lau urte hauetan Mexikoko mendebaldeko estatuetan jo dute bereziki. «2011. urteko Joko Panamerikanoetan mariachi ofiziala izan ginen. Guretzat oso garrantzitsua izan zen urte horretan bertan hasi ginen eta. Teatro Degolladon jotzeko ohorea ere izan dugu. Guadalajarako antzoki handiena da eta Mexiko osoko garrantzitsuenetakoa. Mexikoko mariachi onena den Mariachi Vargas de Tecalitlán taldearekin ere jo dugu eta baita Mariachi de America taldearekin ere. Rocio Durcalen talde laguntzailea izan zen azken hau. Guretzako ohore bat da orain Euskal Herrian izatea eta egunotan Zumaian bizitzea. Benetan leku ederra da eta berataz maitemintzen ari gara».

Mariachi Alma de Tapatia osatzen duten musikarientzat Europan jotzen duten lehen aldia da. Jazmin de la Rochak, baina, aurretik bere artea erakutsi du Mexikotik kanpo. «Fiturren egon nintzen aurretik eta han ere besozabalik hartu gintuzten. Balin (Indonesia) ere egon nintzen behin Nazio Batuen bidaia batean, Mexikoren ordezkari bezala, mariachia gizon-emakume guztien ondare bezala izendatu zutenean». «Zoragarria» izan zela zioen La Gallerak.

Euskaldunek musika hau zergatik maitatzen duten azaltzen duen teoria bat badu de la Rochak. «Nik uste urrezko mexikar zineko pelikulengatik dela. Horregatik ezagutzen gaituzte hainbeste eta maite dute mexikar musika, mariachien tradizioa eta baita ere gure kirol nazionala: charrería». 

Larunbateko saioan ez dira hain ohikoak diren rancherak faltako. «Mexikoko musikaren bilduma bat ekarriko dugu Euskal Herria pozteko eta eta euskal jendea dantzan jartzeko. Informazio gehiegi ez ematea da onena. Jendea aho-zapore on batekin utzi nahi dugu Euskal Herrian egingo ditugun beste aurkezpenetan gu jarraitzeko».