Aitor Olaziregik esperientzia aberasgarria bizi izan du Caceresen

Baleike 2015ko eka. 30a, 15:22

Baldintza estremoetan, bero ikaragarriarekin, jokatu dira aurreko asteburuan Espainiako txapelketak Caceresen eta ondorioak euskal txirrindularientzat ez dira onak izan. 

Caceresek labea zirudien: asfaltoak botatzen zuen berotasunak erre egiten zituen txirrindulariak; erabat hustuta heltzen ziren helmugara. Une larriak ere bizi izan dira: emakumeen iraupeneko lasterketan, adibidez, la izan ziren erietxera eramandako txirrindulariak. 

Aitor Olaziregik ere gogotik sufritu zuen baldintza gogor horietan, 43 gradurekin jokatutako probetan. Hilaren 26an, ostiralean, erlojuaren aurkako lasterketan 34 izan ziren parte-hartzaileak eta zumaiarrak 20. amaitu zuen; ez zen batere gustura gelditu eta penaren arantza sartuta gelditu zaio. Bere nahia 10 lehenengoen artean bukatzea zen eta baldintza normaletan, bere karrera eginda, lortzeko moduko helburua zen. Baina sentsazioak ez ziren onak izan, batez ere 25 kilometroko ibilbideko lehen zatian. Hala ere bukatzea lortu zuen, hiru izan baitziren bidean gelditutako txirrindulariak lanak ezin amaituta, oso gauza arraroa erlojupeko batean.

24 orduko aldearekin, eta ahal bezala gorputzari buelta emanda, ilusioz beterik errepideratu zen Ampoko ziklista zumaiarra. Euskal selekzioko Mikel Aristirentzat lana egitea zuen helburu, urrearen bila zihoan txirrindularia aurrean sar zedin. 41 gradu hasieran, 43 gradu bukaeran, zenbait unetan 45, eta lasterketako 150 kilometroak osatu ezinda gelditu zen, gorputzaldi txarraz: hankak izoztuta, hotzikarak… Bero kolpearen sintomak zituen eta lasterketa utzi zuen Aitor Olaziregik. Berak bezala euskal selekzioko beste lau kidek ere lasterketa utzi beharrean izan ziren. Kide bat 36 orduz erietxean ere egon da, eta lasterketan gelditu zirenek ahuldadeak jota, ezin izan zuten errematatu nahiz eta egindako lana ona izan zen: ihesaldian sartu, Aristi zaindu, lagundu babestutakoa buruan joan zedin. Baina, azkenean, guztiek ordaindu zuten, baita Mikel Aristik ere, 13. bukatu baitzuen.

Nahi bezalako emaitzarik ez du ekarri etxera Aitorrek ziklistak, baina esperientzia aberasgarria izan da, baldintza horietan ere ikasi egin behar baita lasterketetan mugitzen. Denboraldiaren bigarren zatia dator orain, baina orain itzuliak izango dira egutegian nagusi, baita egun bateko lasterketak ere. Baina udara sasoi honetan Ampo taldeak estatuan zehar eta estatu espainiarretik kanpo ere baditu itzuliak euren maila aparta erakusteko, izan ere Ampo Espainiako rankinean bosgarren tokian da.