Euskal Jaian lan egiteko deialdia herriko taldeei

Baleike 2015ko eka. 30a, 11:28

Abuztuaren 7an ospatuko da Euskal Jai eguna eta, ohikoa denez, herri bazkaria eta sagardo dastaketa antolatuko ditu Udalak, besteak beste. Bietan ere taldeentzako moduko lana aurreikusi da.

Herri bazkaria zerbitzatzea: talde batentzat lana
Lan honetako ezaugarri nagusia da 400 laguni herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak. Guztia kultur sailaren ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldari taldearekin lotuko da.

Sagardo dastaketa
Hamar sagardotegitako sagardoa eskainiko da, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dira.
Hala, taldearen lana izango da egun horretan postuak ezartzea, edalontziak saldu eta sagardoa banatzea, eta aurrez eta ondoren egin beharreko lanak.

Izen emateko epea: ekainaren 22tik uztailaren 6a bitartean, Alondegia kultur etxean. 943861056 / kultura@zumaia.eus. Izen ematearen arabera taldeei bilera batera dei egingo zaie eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo da.

Nor aurkez daiteke?
Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak.
Elkarte hauek Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko orduan onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).

Horrez gainera, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta, batik bat Sagardoa banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.