San Pedroak 2015

Goikoetxeari kantatutako bertsoak

Baleike 2015ko eka. 29a, 10:12

Hemen entzun eta irakur ditzakezue San Pedro Danborradaren izenean Agustin Zubimendik Goikoetxeari kantatutako bertsoak. Bertsoak Jexux Iribar Olalde-k idatziak dira.

Grabazioa eten egiten da hirugarren minutuan. Bertso guztiak hemen irakur ditzakezue:

 

Iñaki Osa Goikoetxea

1.
Goikoetxea Iñaki,
Osari eginaz toki,
alde bientzat egoki.
Pilotaria izatea behin
zenunean erabaki,
hegan etxetik urruti,
baina gauetan lokarti…
Zumaia gogoan beti.

2.
Hamasei urte artean,
Milanera bapatean,
eta bi urte bete han.
Hamazortzikin Ameriketa
harturikan hankapean…
Nerabetasun betean,
mundu ezberdin batean,
a ze saltoa kolpean.

3.
Zorioneko Orlando,
kantxan pilotari frango,
hemengoak eta hango.
Lehia bizian bakoitzak bere
dohaiak frogatuz ondo,
Iñaki zu bikain sendo,
baina nork zuen esango…
“Goiko” zinenik izango.

4.
Ondo eginaren sari,
bere hezur eta mami,
zure zain zegon Miami.
Besteekiko plus berezi bat
laster zitzaizun nabari:
pilota hartu ta jalgi,
abiadaz edo geldi
bilakatuaz jokaldi.

5.
Berezkoa dela lagun,
landuz jardunaren jardun
egina guztiz ahaldun.
Mundu mailako hamabost txapel
soinean jantziak egun...
Maixutasuna ezagun,
kantxa guzitako zaldun,
txapeldunetan txapeldun!

6.
Urte asko Amerikan,
hamazortzi eginik han,
ez egin gabe lanikan.
Uzta oparo baten ondoren
etxera pozik handikan.
Zumaiarrik oraindikan,
ez degu uste danikan,
hainbat lortu duanikan.

7.
Kontatuz dakigun pixka…
Rockero eta surfista.
A zer nolako artista.
Glamourra ere sortarazten du
Izanik hain estilista.
Trebezia eta bista,
egiten dakina zizta,
lotsati xamarra nahizta...

8.
Herriko seme kutuna!
hainbat eman diozuna
da hemen mintzo zaizuna.
Danbor makilak goian direla…
Biba zu! “zesta”ko jauna.
Pilotari txapelduna,
jator eta euskalduna,
eskerrik asko laguna.

Doinua: Ikusten duzu goizean

Zumaia, 2015-06-28