Arrauna

Bi bandera irabazi ditu gaur Zumaiak

Baleike 2015ko eka. 28a, 18:39

Elkartearen logotipo berria estreinatzeko modurik onena aukeratu dute Zumaiako arraunlariek: mutilek Elantxobeko estropada irabazi dute, eta neskak nagusi izan dira etxean jokatutako Gipuzkoako Ligako estropadan.

 

Iaz ere Elantxoben lortu zuten mutilek denboraldiko lehen garaipena. Bigarren txandan aritu da Zumaia, Ondarroa, Santurtzi eta Donostiarrarekin batera. Ondarroari bost segundo atera dizkio helmugan, Santurtziri 21, eta 32 Donostiarrari. Hirugarren txandarako haizea zakartu egin da, eta Getaria ez da Zumaiaren denbora ontzeko gai izan. Hirugarren amaitu du Getariak, 13 segundora; Deustu izan da laugarren eta Lekittarra bosgarren. Emaitza hauekin, Getariak jarraitzen du sailkapen buru (34 puntu), eta orain Zumaia da bigarren postuan 28 punturekin, Lekittarrak eta Ondarroak baino puntu bat gehiagorekin.

Neskak ere garaile

Eguna borobiltzeko neskek ere bandera irabazi dute gaur Zumaian bertan jokatu den Gipuzkoako Ligako estropadan. Errioan jokatu da, binaka. Barraren puntan zegoen ziaboga bat eta moila parean bestea; traineruak kontrako norabidean abiatuta jokatu da estropada. Oiartzun bakarrik aritu da lehen txandan, eta ondorengoetan Hernanik Colindresi irabazi dio, Getaria-Zarautzek Donostiarrari, Hibaikak Oriori eta azken txandan Zumaiak San Juani. Denborei erreparatuta, Zumaia izan da azkarrena (10:29), San Juan izan da bigarren zazpi segundora, Hibaika hirugarren bederatzita eta Orio laugarren 28ra.

Beteranoak laugarren

Beteranoek atzo izan zuten estropada Sestaon, eta laugarren postuan sailkatu ziren. Arkotek irabazi zuen bandera, Zierbena izan zen bigarren eta Getxo hirugarren. Zumaiarrak hirugarren postuan daude sailkapen nagusian.

 

Erlazionatuak