Turismoari begira

Baleike 2015ko eka. 26a, 13:29

Udal artxibategian gordetzen diren altxorren inguruko artikulu bat idazten du hilero Ereiten enpresak Udalarentzat. Uda garaian murgilduta gauden honetan, turismoa da ekainean hizpide.

Maiatzaren bukaeran Zumaiako Kanpina zabaldu zen. Herriak kanpoko bisitariei eskaintzen dien turismora zuzendutako instalakuntza berriena da hau. Zumaiak bisitari ugari jasotzen ditu, batez ere udan. Hala ere, azken urte hauetan, bisitari kopuruak etengabe gora egin du eta urte osoan zehar turistak jasotzen dituen kostaldeko herri bihurtu da.

Turismoa Zumaian, ordea, ez da zerbait berria. Arrazoi desberdinengatik mugituta, herri honek beti jaso ditu bisitariak. Denbora libreaz gozatzera etorritako bisitariak XX. mendearen hasieran hasi ziren ugaritzen; Loiolako Santutegiak eta Zestoako Bainuetxeak sortzen zuten erakarpenaren ondorioz eta komunikabide azpiegituretan eginiko hobekuntzek bultzatuta.

Itzurun eta Santiago hondartzen inguruan mugitzen zen udako turismoa izan zen hasieran. Aurreko udako artikuluetako batean hondartzetako zerbitzuen aitzindari izan zen Itzurungo “bainu beroen” inguruan hitz egin genuen. Hala ere, hondartzek sortzen zuten erakarpena indartzeko eta bisitari kopurua sendotzeko, herrian zenbait ekintza antolatzen hasi ziren.

Gero eta turista gehiago gerturatzen ziren Zumaiara, eta honek, bisitariei ostatu emango zien azpiegituren beharra jarri zuen agerian. Egoera berri honi irtenbidea emateko gauzatu zen egitasmo garrantzitsuena Luis Martinez Kleiser idazleak sustatutako Gran Hotel Amaya izenekoa izan zen. Hemen hotelaren beharraren inguruko Martinez Kleiserren hitzak: “Pensando en la clase de construcción más conveniente para dar vida y animación a la villa de Zumaya, atendiendo indicaciones de los forasteros que verían con gusto disponer de un Hotel donde hospedarse en verano y convencidos de que la importancia de la villa crecerá notablemente, no sólo en verano sino durante el invierno, proporcionando cómodo albergue a los que por razón de industria y comercio tengan que ir a Zumaya, han resuelto construir un Hotel amplio, moderno y cómodo, que reúna cuantos servicios gozan hoy los grandes Hoteles.”

1922an hasi ziren eraikuntza lanak. Urte horretan bertan, hasierako planteamenduan zenbait aldaketa eman ziren. Hotel bat eraikitzeko proposamenari, 600 pertsona baino gehiagoko edukiera izango zuen antzokia gehitu zitzaion. Kategoria honetako azpiegitura turistikoak gainera, bere ingurua atontzea ere eskatzen zuen. Horrela, ordura arte marisma izandako inguruak, aisialdirako gune izateko pausoa eman zuen.

Hotela zabaldu eta gutxira gerra zibila piztu zen. Garai latz haietan, Gran Hotel Amaya ospital bezala erabili zen. Azkenik, 1943ko udan inauguratu zen behar bezela. Antzokiaren gaineko pisuak, hotelaren azken handitze lanak, urte horretan bukatu ziren baita ere. Lan horiek 1923an baimendu zen egitasmoaren arabera burutu zirela erakusten dute Udal artxiboan gorderik dauden dokumentu eta planoek.

Gran Hotel Amaya lehen klaseko hotela izan zen; antzokiaz gain, ibilgailuentzako aparkalekuak, igerilekua eta lorategi zabalez hornitua. Bisitari ugari jaso zituen, ez bakarrik turistak baita Zumaiak zuen industriak erakarrita etortzen ziren negozio gizonak ere. Gaur, haren izena daraman plazak oroitarazten digu Zumaiako turismoaren ikur izan zen eraikina.