Esku pilota txapelketak baditu bere finalistak

Baleike 2015ko eka. 20a, 10:22

XVII. esku pilota txapelketa herrikoiaren finalerdiak jokatu ziren atzo arratsaldean Odieta pilotalekuan. Ondorioz, erabakita geratu dira zer bi bikotek jokatuko duten datorren ostiralean txapelketako finala. 

Lehen partidan Etxabe-Manterola (lehena Salaberriaren ordez) eta Beristain-Urbieta bikoteak neurtu ziren. Hasiera berdindua izan zuen norgehiagokak, baina azkenean Etxabek eta Manterolak alde handiarekin eta uste baino errazago lortu zuten finalerako txartela, 22-7 emaitzarekin irabazi ondoren.

Bigarren partida askoz lehiatuagoa izan zen. Aizpurua-Astigarraga eta Antia-Alkorta (Antia Olidenen ordez) bikoteak neurtu ziren betan. Ordubetetik gora luzatutako partida gogor batean 22-21 emaitzarekin nagusitu zitzaien Antia eta Alkorta oikiarrak ligaxkan bigarren sailkatu ziren Aizpurua eta Astigarragari, nahiz eta ia partida osoan atzetik joan ziren. 20na berdindu ondoren, partida irabazi eta finalerako bigarren txartela eskuratzeko gai izan ziren.

Txapelketako azken partidak datorren ostiralean, ekainaren 26an, 18:30etik aurrera jokatuko dira Odietan (eguraldi txarra egiten badu, Herri Eskolako frontoian).

3. eta 4. postuak erabakitzeko: Beristain-Urbieta / Aizpurua-Astigarraga.

Finala: Salaberria-Manterola / Antia-Alkorta.