Ba al dakizue 1760. urteko egun batean 213 orkek hondoa jo zutela Zumaian?

Baleike 2015ko mai. 26a, 20:38

Aski ezaguna da gure kostaldetik hurbil ikus ditzakegula zetazeoak itsasoan libre. Animalia hauetako batzuk hondartzetaraino heltzen dira, gaixorik batzuk, hilda beste asko. Hain ohikoa ez dena da 1760. urteko ekainaren 9an Zumaian gertatu zena: egun horretan 213 orkak (212 beste dokumentu batean) hondoa jo zuten itsasbeheran.

Algorri interpretazio zentroak eman du horren berri. Gaur egun zetazeoei buruzko erakusketa bisitatu daiteke bertan. Bi dokumentutan aurkitu dute gertaeran honen berri. Martin Sarmiento idazke eta jakintsu beneditarrak (1695-1772) argitalpen batean jasotzen duenez, 1760. urteko egun horretan 18 eta 20 oin arteko luzera eta 40 hortz zituzten 213 zetazeok hondoa jo zuten Zumaiako erriberan. Bere ikerketaren arabera, animalia hauek orka batzuk izan ziren eta teoria bitxi bat eskaintzen du. “Ekainean izurdiak itxututa daude. Hala, ekaina izanik eta orkak lehorrera hainbeste hurbildu izanda, eta izurdiaren motakoak direla frogatuta dagoenez, itxututa egongo ziren eta txakur ergelak bezala arituko ziren. Ur-jarioarekin arrimatuko ziren eta mareak behera egiterakoan, ia lehorrean geratuko ziren”.

Mariano de la Paz Graells doktoreak 1897. urteko ‘Fauna mastodológica ibérica’ liburuan ere gertaera hau jasotzen du. Honek 212 zetazeo izan zirela dio. “Itsasbehera berean 212 orka hondoa jota geratu ziren batera eta arrantzaleek atzeman eta aprobetxatu zituzten. Garaikur bezala gordeta ikusi nituen mende bat geroago aipatutako herri horretan”.

Hori hala izanda, agian Zumaiako etxeren batean izango da orka hauen hezurrik. Algorritik familian galdetzeko deia egiten dute. “Agian norbaitek oraindik kontserbatzen du hezur edo piezaren bat eta gertaera argitzen lagundu gaitzake”. Kontakturako: 943143100 / info@algorri.eu.