Urtea bukatzerako erabilgarri egongo da Aitzuri pilotaleku berria

Baleike 2015ko mai. 26a, 18:52

Abuztu-irailerako bukatuko ditu enpresa eraikitzaileak frontoi berriko lanak, eta ondoren ingurua urbanizatuko da. Gaur goizean lanak barrutik ikusteko aukera izan dugu, Gorka Arregi udal arkitektoaren eskutik.

Hemezortzi hilabeteko epea du Sukiak frontoi berria erakitzeko eta badirudi epeak betetzen ari dela. "Abuztu-irailerako bukatuta egongo dela aurreikusten dugu", azaldu digu Gorka Arregi udal arkitektoak, gaur goizean frontoiko lanetara egin dugun bisitan. Ondoren, urbanizazio lanak egingo dira, "hiru hilabete edo beharko dira". Dena ondo bidean, urtea amaitzerako erabili ahal izango da frontoi berria.

Eraikinaren ezaugarriak

Eraikinaren hormak hormigoizkoak dira, eta sabaiari eusten dion egitura metalikoa. Horrez gain, harmailak aurrez fabrikatutakoak dira. Gainera, txapa eta polikarbonatozko xaflak erabiliko dira frontoia kanpotik estaltzeko. Polikarbonatozko xafletatik argia sartuko da egunez, eta gauez, partidak jokatzen direnean, barruko argia kanpora aterako da, eraikinari itxura dotorea emanez.

"Esan daiteke frontoiari soluzio industriala eman zaiola. Kontuan hartu behar da proiektuak zer bilakaera izan duen. Bere garaian Luciano Pagegi udal arkitektoak egin zuen proiektuak zortzi milioi euroko kostea zuen, eta beste ezaugarri batzuk zituen. Gero bost milioiko proiektua egin zen, eta azkenean gauzatu dena 3,5 milioikoa da". Aurrekontura egokitutako azpiegitura da, beraz. "Pilotarako dago pentsatua, nahiz eta beste erabilera batzuk ere eman nahi zaizkion. Kantxa eta harmailez gain, hiru aldagela dauzka –pilotarientzat eta epaileentzat–, beroketak egiteko gimnasio bat, bulegoak jartzeko bi gela eta kafetegia. Eta harmailen azpian komunak eta beste zenbait espazio, biltegi modura erabil daitezkeenak". Harmailetara igotzeko igogailua ere badu.

Victoriano Arrate aldera ematen duen izkinan egongo da kafetegia. Handik Otezurirantz pilotalekuaren kaxatik aurrerantz ateratzen diren bi espazioak dira bulegoak jartzeko; eta frontisaren atzealdean, Otezuri aldera dagoen beste espazioan daude hiru aldagelak eta berotzeko gela. Sarrerak berriz, kafetegia eta bulegoen arteko espazioetan. Hiru guztira. "Sarreretan egurra erabiliko dugu, goxoago izan dadin", azaldu du Arregik.

Kantxari dagokionez –54 metro luze eta 10 metro zabal–, asfalto urtua jarriko da. "Pilotarako egokiena da. Beste material batzuk egokiagoak izan daitezke erabilera anitzerako, baina pilotariengan pentsatuta erabaki da asfalto urtua jartzea". Frontisean eta errebotean harria jarriko da, 20 eta 10 zentimetroko lodierakoa, hurrenez hurren; eta ezker pareta hormigoizkoa izango da. Beltzez pintatuko dute dena, eta detaileak gorri kolorekoak izango dira –koltxonetak eta abar–. Kontrakantxa, egurrezkoa izango da. Harmailei dagokienez, ia 700 lagunentzako eserlekuak egongo dira.

Urbanizazio lanak

Frontoia irekitzeko aurrena inguruak txukundu behar dira. Urbanizazio lanen proiektua dagoeneko egina dago, LKS enpresaren eskutik. Proiektuak bost fase dauzka, baina hasieran lehen fasea baino ez da gauzatuko. "Victoriano Arrate kaleari segida emango zaio, nolabait, frontoiaren aurrealdearekin". 750.000 euro daude aurreikusita lan horiek egiteko. Hurrengo faseak aurrerago egingo dira, dirua dagoen neurrian.