EAJ-PNV Udal Taldearen agurreko oharra

Baleike 2015ko mai. 21a, 21:27

Gaur legealdiko azken plenoa izan dugu. Datorren igandean Udal hauteskundeak izango dira eta gure herriak agintari berriak izango ditu.

Oposizioan egon garen lau urte hauen balorazioa egiteko ordua da eta gure jarduna “ZAILA” bezala kalifikatzen dugu. Bildu eta Aralarren Udal gobernuaren aldetik oposizioarekin adostasunak bilatzeko inongo saiakerarik ez da egon; eta elkarrizketa eta akordioa agintaldi honetan erori egin diren oinarrizko bi gauza izan dira. Oposizio lanak egitea berez erraza ez bada ere, gobernatzeko era honek ez du batere lagundu gure arteko elkarbizitza.

Hasieran Bildurekin bileraren bat izan bagenuen ere, behin Aralarrekin gobernatzeko gehiengo nahikoa lortu zutenetik besteekin akordioetara iristeko borondaterik ez dute izan. Oposizioan egon arren jarrera konstruktiboa izan dugu, proposamenak egin ditugu, batez ere urteko aurrekontuak onartu behar zirenean. Baina gure saiakera gehienetan alperrik izan da. Proposamenen inguruan ez da inoiz elkarrizketa edo negoziaketarik egon. Onartu zaizkigun gutxi haiek ere, gerora ez dira gauzatu. Eta hau iraingarria iruditu zaigu. Bilduren jarrera, denon arteko posizioak aldenduak egon arren, beraien proposamenak gailentzea izan da. Zilegi da; baina, horrelako kasuetan ez al da herriarentzat hobeagoa norberaren postura inposatu ordez erabakiak kontsentsuz hartzea? Frontoia, inguruko urbanizazioa, Beheko Plazako berrantolaketa honen adibide besterik ez dira.

Beste ezaugarri bat udal gobernuaren kudeaketa eskasa izan da. Askotan inprobisazioa. Aipatu Beheko plazako obra honen adibide ere izan daiteke. Hona beste adibide bat. Bilduk erabaki zuen gure herrian hondakinak jasotzeko atez ateko sistema ezarriko zela. EAJ-PNVk hala eskatuta Hondakinen Mahaia osatu zen. Ezberdinen arteko akordio lortzea zen gure asmoa eta akordio bat lortu zen. Edukiontzi txipdunak jarriko zirela; alegia. Bi urte igaro dira eta arazo teknikoak medio sistema bera ez ezik (hainbeste diru gastatu eta teknikoen hainbeste ordu dedikatu eta orain ezinezkoa) adostutako puntu errazenak ere ez dira gauzatu (kontzientziazio kanpainak, edukiontzietan irudiak ipintzea bakoitzean zer bota hobeto jakiteko, …)

Zinegotzi talde honi agur esateko ordua iritsi zaio. Edurne Egaña, Juan Carlos Cendoya, Isidro Fernandez, Xabier Gallastegi (Ana Arranz ordezkatuz) eta Montse Arana herriaren alde lan egiten saiatu gara. Batzuetan asmatuko genuen, bestetan agian ez, baina beti herriarekiko errespetua izan da gure irizpidea.