Legealdia amaitzeko, argazkia elkarrekin

Baleike 2015ko mai. 21a, 20:37

Igandeko hauteskundeen atarian, azken plenoa egin dute legealdi honetan zinegotzi izan ziren 13 kideek. Guztientzat izan da azken saioa ardura hauetan, inor ez baita zerrendetan berriro aurkeztu aurreko postuetan. Amaieran, argazkia atera dute denek elkarrekin.

Baina argazkia atera aurretik zenbait erabaki hartu dituzte gaur. Plenoaren aurretik Zumaia Lantzenen bilera izan da, eta han erabaki da ofizialki entitatea disolbatzea. Hemendik aurrera Udalak hartuko ditu bere gain haren jarduera eta pilatutako zorra –hiru milioi euro ingurukoa–. Dagoeneko mailegua negoziatu da finantza entitateekin.

Plenoari dagokionez, pilotaleku berriaren urbanizazio lanen proiektua onartu da. Lau fase izango ditu. Lehen fasea aurten bertan hasiko da, pilotalekua amaitu bezain pronto –epeak betetzen ari dira eta abuzturako amaituta egongo da–. Lehen faserako 700.000 euro inguru daude dagoeneko aurrekontuan aurreikusita. Oinarrian, Victoriano Arrateko erdiko etorbidea luzatu egingo da pilotaleku albotik, Puntanuetako erdiko espazioarekin bat eginez. Errepidean ez da aldaketarik izango, baina bazterreko aparlekuak aldatu egingo dira, kotxe gehiago sar daitezen.

PSEk abstentzioa eman du, eta EAJk aurkako botoa eman du. Jeltzaleek informazio falta salatu dute: "Proiektua goitik behera aldatu da, ez dugu jakin proiektuaren aldaketak dirutan zenbat suposatu duen; gaiari buruzko pleno monografikoa eskatu genuen, baina ez da egin. Eta bideragarritasun plana ere ez zaigu aurkeztu".

2014ko udal aurrekontuak ere itxi dira, eta 1,2 milioi euroko soberakina izan du Udalak. EAJk eta PSEk kritikatu dute inbertsioak ez direla gauzatu eta horregatik gelditu dela dirua poltsan. Udal Gobernuak arrazoitu du diru sarrera batzuk espero baino handiagoak izan direla.

Erlazionatuak