Udal hauteskundeak 2015

PSE-EE: “Alkatetzara heltzean onartuta egon eta Bilduren utzikeriagatik egin ez diren proiektuak garatuko ditugu”

Baleike 2015ko mai. 16a, 12:58

Torreberri aterpean eman zuen atzo PSE-EEko alkategai Arritxu Marañonek maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako prestatu duten berri. Gardentasuna behar-beharrezkoa dela adierazi zuen eta behin alkatetzara heltzen direnean dagoeneko martxan dauden proiektuak abiaraziko dituztela.

“Zumaia gardentasun eta garbitasun guztiarekin kudeatzea behar-beharrezkoa da. Hori da alderdi sozialistaren ideia eta horrekin obsesionatuta gaude. Gaur egungo alkateak azken aurrekontuak udal kontu-hartzalearen aurkako txostenarekin onartu dizuen. Hori Alderdi sozialistak eta hemen gauden hautagaitzako ordezkariek ez dugu onartuko”, azaldu zuen. 

Lanpostuak sortzea eta etxebizitzen gaiak dituzte programako ardatzak. “Esan daiteke udalerri hau beste batzuekin alderatuta ez dagoela hain gaizki, baina beste leku askotan bezala gazteak ari dira kanpora joaten etorkizuna oso garbi ikusten ez dutelako. Gure programan puntu desberdinak jasotzen ditugu. Hasteko, Alderdi Sozialistak lurrak aurkitutzen saiatuko da gaur egungo industrigunea handitzeko, txikia geratu da eta. Industria berriekin bakarrik lortuko da enpleguak sortzea gazteentzat eta ez hain gazteentzat”. Enplegu plan bat sortzea planteatzen dute hauteskundeetarako programan, “enplegu mundurako sarrera errazagoa bihurtzeko, bai gazteentzat, baina baita ahaztuta ditugun helduentzako ere. 45 edo 50 urtetik gorako pertsona hauek krisiarengandik bide ertzean geratu dira. Hor egingo dugu lan”. 

Ekonomia hizpide, turismorako ere planak dituztela adierazi zuen Marañonek. “Zumaia ez dago dagokion lekuan. Turismoaren aldetik, leku garrantzitsuago batean egon beharko luke. Getaria eta Zarautz ditugu aldamenean, baina Zumaiak potentzial handia du. Turismoa bultzatzeak enpleguak eta Zumaiarentzako etorkizuna sortzea dakar.

Etxebizitzen gaia ere plazaratu zuen alkategaiak. “Alderdi Sozialistarekin, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzan zegoenean, sei lursail erosi ziren udalaren erdibana garapen urbanistikorako. Sei lursail horiek garatu nahi ditugu gazteek bere herrian etxebizitza duinak izateko lasaitasuna izan dezaten. Ikusiko dugu zer nolako modeloak ezartzen ditugun: tasatutakoak, alokairukoak… Aztertuko dugu, hor badago eta sozialistek hasi zuten etorkizunerako bidea. 

Lopezen gobernua goraipatu zuen berriko hezkuntza gaiaz hitz egitean. “Oikian eskola berriak egiteko operazioa jarri zuen martxan Jaurlaritzako Hezkuntza sailak. Zumaiako Udaleko Gobernura heltzen bagara, eta helduko gara, hortan egingo dugu lan eskola horiek errealitatea bihurtu daitezen.

Aparkaleku faltaren arazoa larria del uste du Arritxu Marañonek. “Begira egon gara eta ikusi dugu azalean egitea oso zaila dela. Horregatik, Zumaiako Gobernuan sartu eta berehala ikerketa bat egingo dugu erabakitzeko herriko zer tokitan kokatu daitekeen lurrazpiko parking bat. Turismoa aintzat hartzen badugu, behar-beharrezkoa dela uste dugu eta egingo dugu”.

Torreberriren aterpean bilduta, eraikinari begira jarri zen PSE-EEko alkategaia. “Udalak egin ez dituen lanak burutuko ditugu eta saiatuko gara obra honen behin betiko harrera lortzen. Eraikina zabalik dago baina harrera hori egin gabe, zerbait gertatzen bada horrek suposatzen duen guztiarekin. Horrez gain, gure asmoa da hasiera batean pentsatuta zeuden jardueretara bideratzea etxea. Horretarako egin zen konponketa eta espazioaren erreforma”.

Komenturako parte-hartze prozesu ireki bat planteatzen dute erabakitzeko ze erabilpen emango zaio. “Ez du balio petatxatzearekin, obrak sakontasunean egin behar dira”.

San Jose kaleko irisgarritasun arazoak izan zituen jarraian hizpide. “Urte dezente dira kalearen garapena eta ostopo arkitektonikoak kentzea onartuta eta esleituta zituela. Bada ordua konprometituta dagoena behingoz bukatzeko, baina alkatearen eta bere Gobernuaren utzikeria eta nagikeriarengatik egin gabe dago. Eta berdin gertatzen da Artadiko saneamenduarekin. Lanak utzita daude egungo Bilduko Gobernuaren nagikeriagatik. 

Amaitzeko, hondakinen gaia jarri zuen mahai gainean. “Hemen alderdi guztien arteko akordio bat sinatu zen, plataformak ere sinatu zuena. Gaur egun akordioa garatu gabe dago, ez da ezer egin. Hori ez da posible. PSE-EEren beste konpromiso bat da, sinatu genuelako. Zentzu horretan, alkatetza dugunean, onartuta egon eta Bilduren utzikeriagatik eta abandonoagatik egin ez diren proiektuak garatzea lehenetsiko dugu".