Udal hauteskundeak 2015

Hauteskundeetako debateak eman zuena

Baleike 2015ko mai. 15a, 14:41

Udal hauteskundeetako debatea egin zuten atzo EH Bildu eta EAJ-PNVko hautagai Alex Oliden eta Oier Kortak. Baleikeko zuzendari Gorka Zabaletak moderatu zuen debateak herritarren interesa piztu zuen. Orain lau urte bezala, Alondegiko Oxford aretoa txiki geratu zen bertaratu zen jendearekin. Beste askok zuzenean jarraitu zuten streaming bidez www.baleike.eus helbidean.

Aurkezpenen ondoren, gai batzuen inguruan jardun zuten bi hautagaiek. Ondorengo lerroetan han entzundakoak laburbildu nahi izan ditugu. 

Nolako udala proposatzen duzue?

Alex Oliden: Gure programak lau ildo nagusi ditu. Sektore publikoaren defentsa, parte-hartzea, gardentasuna eta gastu soziala. Komunikabide handiek giltzatu nahi izan digute sektore publikoa txarra dela; hori kapitalaren aldeko ideologia da eta ez da egia. Langileria motibatzen badugu, sektore publikoaren erabilera ona egin dezakegu. 

Oier Korta: Herritarrei zerbitzu onena emateko gaude hemen eta horren defentsa irmoa egiten dugu. Elkarrizketaren eta adostasunaren alde gaude gu eta eragile guztiak hartuko ditugu kontutan. Udalaren kudeaketa efizientea eta eraginkor bat egin behar da herriak proiektu batzuk eta amets batzuk izan ditzan. Ikusi behar da Ezker Abertzaleak zortzi urte hauetan izan duen ibilbidea. Diru poltsa bat eta proiektuak zituen udaletxe bat jaso zuen irabaztean. Orain hauteskunde garaian gaude eta irabazten duenak ez du etorkizunik izango. Gaur egun udalaren kontabilitatearen %91 gastu orokorrera bideratzen da. Diru horrekin edozein proiektu burutzeko mugatuta gaude. Hori da zortzi urte hauek eman dutena eta ez dugu azpiegitura garrantzitsuen proiekturik. Guk plan integral bat dugu honek norabide bat izan dezan. 

Alex Oliden: Sektore publiko indartsu bat baliabide bat da gizarte sano bat lortzeko. Hori da sektore publikoaren betebeharra. Azaldu zuen programaren %60arekin ados nago eta elkarlana izateko aukerak ditugula uste dugu. 

Oier Korta: Baina herriak ez du norabiderik. Eta datu horiekin ez duzue erraz uzten. 

Alex Oliden: Datu horiek esan dituzu. Nik ez dauzkat. Ni berria naiz. Kontrastatzeko modua izan duzu. Datu horiek hala diren zalantza handia daukat eta gustatuko litzaidake kontrastatzea. 

Hirigintza aldetik, nolako garapen urbanistikoa planteatzen duzue?

Oier Korta: Axular eta Etxezarretaren berrurbanizazioa planteatzen dugu. Horri esker aparkaleku asko atera daitezke. Beheko Plazare egokitzapen integrala ere jasotzen dugu, aterpe baten egitasmoarekin. Herriko leku eta eraikin batzuetako irisgarritasuna eta mantenua hobetzeko asmoa dugu eta aldapak dituzten auzoetan, Larretxo eta San Josen igogailuak jartzea. 

Alex Oliden: Urbanismoaren helburua herri erosoa izatea da, pertsonek bila dezaten bizilekua. Gauza konkretuetara begira, San Josen plana burutu zen prozesu arrakastatsu baten ondoren. gure lana lau urte hauetan plan hori gauzatzea izango da. 2015-2025 plan estrategikoaren lanak hasita daude, herrian zer, non eta nola egin behar den erabakitzeko. Plan horretan elkarlanean zehaztu beharko dugu gure Zumaia nolakoa nahi dugun. Aparkalekuan arazo handia dugu eta zuen ideia oso ona iruditu zitzaidan. Aterpea? Bai horixe. Gehiengo batek ikusten dugu arazo hori dagoela. Udala planteatzen ari da zer nolako aterpea izango den. 

Oier Korta: Parte-hartzea da Ezker Abertzalearen lema. Plana egiten zoazte urtebete eta teknikaria kanpoan utzi zenuten. Hor ikusten da zer nolako parte-hartzea duzuen.

Alex Oliden: Teknikaria kanporatzearena lehen albistea da. Orain urtebete hasi ziren lanean planarekin eta asmoa da hauteskundeen ondoren bueltatzeko lanera. Elkarlanerako deia egiten dizuet. 

Etxebizitzen aldetik, zein dira zuen asmoak?

Alex Oliden: Etxebizitza eskubide bat da, ez merkantzia bat. Guk alokairuaren apustua egiten dugu, herri garatuetan egiten den bezala. Hor sakondu nahi dugu. Etxebizitza huts asko daude Zumaian eta politika publikoen bitartez merkaturatzen saiatu behar gara. Laguntzak eman behar dira etxebizitzak berritzeko eta alokairu sozialera ateratzeko. Baliabideak jarri behar dira gazteek alokairu sozialak izan ditzaten. Odietan badira udaletxearen esku geratu diren etxebizitza batzuk eta San Juan Egoitzan, mojenak izandako eraikinean, badira gazteei zuzendu nahi zaizkien etxebizitza batzuk ere. Beste guztia probatu ondoren hasiko ginateke etxebizitza berriak egiten.

Oier Korta: Etxebizitza hutsei IBIaren igoera ezarri zaie, baina ez dira merkatura atera. Gure apustua da babes ofizialeko etxebizitza berriak egiten hastekoa. Ardantzabiden sei etxebizitza zozkatu ziren eta 152 zumaiarrek hartu zuten parte zozketan. Egia ez dela aurreko urteetako bezainbateko kopurua, baina badago jendea etxebizitza behar duena. Apustu hori egingo dugu. Orain lau urte Ezker Abertzaleak 84 etxebizitza sozial egiteko proiektua atera zuen Puntanuetan eta ez dakigu non geratu den.

Alex Oliden: 500 etxebizitza huts sadude Zumaian. Badago margena esandakoa egiteko. Alokairu soziala Eusko Jaurlaritzaren eta beste botereen eskumena da. Sinergiak eta benetako borondate politikoak behar dira. Puntanuetako proiektuaren lehen idazketa EAJk egin zuen. Babes eremu bat dago eta proiektuak hura hartzen du. Oraingo Gobernuaren iniziatibak izan dire ataka hartatik ateratzeko, baina Ingurumen Sailak esan du babesgunea mantendu behar dela. Horrek ekartzen du espropiazioak egitea eta dirutza bat gastatu behar izatea.

Oier Korta: Herritarrei ezin zaie esan Eusko Jaurlaritzarenak direla eskumenak. Guk gureak erabili behar ditugu erantzunak emateko.

Ekonomia eta turismoa

Oier Korta: Historikoki industria izan da sektore garrantzitsuena Zumaian eta krisialdi honi frente egiteko aukera eman diguna. Egindako bi industriguneak nahiko beteta daude eta lur eremu aldetik mugatuta bagaude ere, beste industrigune bat sortzea aztertzen dugu. Xeykoa amaitzea ere hor dago. Saiatu behar gara ikastetxe eta enpresen arteko elkarlana sustatzen, lanpostuak sortzea errazteko. Turismoari dagokionez, kanping berriaren irekierak aldaketa handiak ekarriko ditu. Pelikula famatu horrek ere bultzada handia eman dio turismioari. Plan integralean turismoa ondo aztertzea eta dinamizatzea jasotzen da. Erronka handia da, turismo baliabide handia da eta.

Alex Oliden: Hemen ere adostasunak daude. Ekonomiaren oreka eta dibertsitatea bilatu behar da. Oreka horrek jendartean eman den adaptaziorako kapazitatea erakusten du. Gure aurreko zumaiarrak adaptatu egin ziren eta guk hori egin behar dugu. Zumaiak bere mugak ditu. Lehen sektorea indartu behar da, bertako produktuak landatuz. Udal Elkartearen bitartez, Zumaian dagoen industria indartu behar dugu, eta turismoak bere garrantzia izango du, baina kontrolatu egin behar da, ingurunearekin errespetua izan dezan.

Hondakinen gaia: zer eredu planteatzen duzue?

Alex Oliden: Helburuak dira garrantzitsuak eta ez hainbeste metodoak. Zumaian gatazka bat izan dugu eta balio izan digu jakiteko helburua dela garrantzitsua eta hori lortuko dela herriaren konplizitatea badugu. Hondakinen mahaian aritu zen erabakian sakontzea proposatzen dugu. Autokritika egin dugu denbora honetan eta sistema hau martxan jarri den herrietan ikusi da %70 edo %80ko mailetara heltzen dela.

Oier Korta: Gauza batekin ez nago batere ados Alexekin. Helburua inportantea da eta metodoak ere bai. Edozertarako bizitzan, edozein gaietan. Ez du balio edozer helburu lortzeko. Gatazka sortu zen hemen jarri nahi zen metodoagatik; herri mugimendua sortu zen eta sortu zen, sortu zen haserrea. Akodioa izan zen sortu zen nahaspilaren lur-hartzea. Akordioaren ardatza sistema bat izan zen, eta sistema horrek ez ditu baldintzak betetzen ez teknikoki, ez ekonomikoki. Guk egungo edukiontzien sistemaren aldeko apustua egiten dugu, hobekuntzekin. Zumaian etxola bat jartzea proposatzen dugu, produktu arriskutsuak bertara eramateko, eta Garbigunera joan beharrik ez izateko.

Alex Oliden: Helburua lehenetsi behar da eta horretarako herriaren inplikazioa ezinbestekoa da. Birziklapena beharrezkoa da gizarteak bere jarraikortasuna izan dezan mundu jasangarri batean. Zuen metodoarekin %80ko birziklapen mailara heldu badaiteke, ederki. Baina errauskailua jartzearen aurka nago, iruzur bat delako.

Oier Korta: Birziklapenaren alde nago. Helburuaren alde gaude, baina ez metodoarekin. Gai honekin inposizio bat egon a. Sinadura bilketa izan da eta haserrea egon bada, inposizio bat egon delako da.

Kultura: zer egin komentuarekin?

Oier Korta: Gaur egungo aktibitatearekin jarraitzearen aldekoak gara. Komentua oso eraikin berezia da eta hausnarketa serio bat egitea eskatzen du. Hau ere plan integralean jasotzen dugu. Zumaian elkarte asko dago eta udaletxe bezala saiatu behar gara zerbitzua ematen, herriari bizitza ematen diolako.

Alex Oliden: Kultura erreferentziala da. Horrekin segitu eta hobetu behar da, onurak ematen dituelako. Komentuarentzat badago proiektu bat; parte-hartze prozesu bat izan da eta proiektu diferenteak kotejatu ziren. Proiektu bat onetsi zen eta horren inguruan aritu dira Udala eta eragileak lanean. Komentuak dinamismoa emango dio alde zaharrari. Gure konpromisoa da proiektu integral bat egitea onetsitako proiektu haren inguruan. Nahi eta nahi ez, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza beharko da. Lau urtean ez da erraza izango hori burutzea. Bitartean han burutzen diren aktibitateekin jarraituko da.

Kirolak. Kirol patronatuaren aldekoak al zarete? Kirol ekipamenduekin zer egin behar da?

Alex Oliden: Kirol aktibitate handia dago eta ezinbestekoa da. Kirol patronatuak arrakasta izan du, bai herriari zuzentzen, baita eskola kirola kudeatzen ere. Kiroldegian ere esfortzu handia egin da. Premiak badaude. Frontoiaren kudeaketak ere ikusiko dugu zer ematen duen premia hauek hobetzeko. Estalpe bat ere egingo da Herri Eskola inguruan eta horrek arnasa emango dio.

Oier Korta: Patronatua Ezker Abertzaleak jarritako da. Onuragarria bada, jarraituko du. Bilerak izan ditut kirol elkarteekin eta ikusi da patronatua sortu zenetik ez dela aldaketarik izan. Zerbitzu ahalik eta onenak eman behar dira. Ikusten da kiroldegia berritu behar dela. Saturatuta dago, kolapsatuta, eta hor Ezker Abertzaleak huts egin du. Kiroldegia orain 30 urte egindakoa da eta eman behar diren zerbitzuak ez ditu ematen. Kirol instalazioak hobetzea izango da gure asmoa.

Gizarte zerbitzuak.

Oier Korta: Euskal Herriak fuerte inpulsatu ditu eta Zumaia oso ondo dago alde horretatik. Apustu sendoa egin da eta hori kohesio sozialarentzako onuragarria da. Ezin dugu inor utzi bazterrean. Ez dut ulertzen gizarte aberats bat gizarte zerbitzuak indartzen ez dituena.

Alex Oliden: Giza baldintza duinak ematea da helburua. Urte hauetan baliabideak bikoiztu egin dira eta departamentu indatsu eta eraginkorra dugu. Adi egon behar da zer behar eta premia dauden antzemateko eta erantzun azkar bat emateko. 

Nolako alkatea izango zara?

Oier Korta: Ni naizena, gertukoa eta konprometitua. Herritar guztiekin hitz egingo duena eta herritar guztien alde lan egingo duena. Etxebizitza izatea posible egingo duena.

Alex Oliden: Ez dakit, sutan jartzean ikusiko dugu. Ni neu izatea gustatuko litzaidake. Hurbila, langilea, talde lanerako prest eta iradokizunak entzuteko prest. Hala izatea gustatuko litzaidake. Seguru egon lan egingo dudala eta, herriak hala nahi badu, panderoa jotzen jarraituko dudala. 

Erlazionatuak