Udal hauteskundeak 2015

Hauteskundeetarako programaren ildo nagusiak aurkeztu ditu EAJ-PNV

Baleike 2015ko mai. 13a, 22:45
Gotzon Enbil, Kristina Vicente, Oier Korta, Marikruz Alvarez eta Jon Iraola gaurko ekitaldian.

Maiatzaren 24an izango diren udal hauteskundeetarako programaren ildo nagusiak azaldu ditu gaur EAJ-PNVren hautagaitzak Algorri ezagutza etxean egin den ekitaldian. Oier Korta alkategaiaz gain, zerrendako lehen bost postuetan dauden Marikruz Alvarezek, Gotzon Enbilek, Jon Iraolak eta  Kristina Vicentek hartu dute hitza. Dagoeneko martxan den www.emanziaboga.eus web berria ere erakutsi diete bertaratu direnei.

Hauteskundeetarako prestatu duten programa bere osotasunean web gunean zintzilikatuta dagoela eman dute jakitera. Arratsaldean egindako ekitaldian programan jasotzen diren atal bakoitzeko ildo nagusiak azaldu dituzte. 

Hala, hirigintzari dagokionez, Axular ibiltokia eta Etxezarreta kaleko bulebarizazioa jasotzen dute. Era horretan 200 aparkaleku berri sortzea aurreikusten da. Beheko plazaren egokitze integrala eta aterpe baten egitasmoa proposatzen dute. Herriko auzo eta eraikin publikoetan irisgarritasuna hobetzea, aldapak dituzten auzoetan (San Jose eta Larretxo) igogailuak jartzea eta babes ofizialeko etxebizitzen promozioa sustatzea jasotzen dute programan. Komentuari dagokionez, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin plan integrala lantzearen aldekoa dira eta Xey poligonoa urbanizatzeko erraztasunak ematearena. 

Zerbitzuen alorrean, Oikia, Narruondo eta Artadiko auzoek dituzten gabeziei erantzuna emateko prest agertu dira, etxebizitzen eta eskola berriak sortuz eta Oikiara eta inguruko industrigunetara gasa, zuntz optikoa eta ur zikinen arazketa eramanaz. Birziklapena maila areagotzearen alde agertu dira, baina atez ateko bilketaren aurka. Udaltzaingoaren inguruan, berria, beharretara egokitu behar dela uste dute, Jaurlaritzarekin lankidetza eta formazioa areagotuz. 

Ekonomiaren garapenean, “jardunera industrial indartsua erdigunean kokatu” behar dela uste dute. Udal elkarteko lan-munduratzeko zerbitzuak indartzeko konpromisoa azaldu dute eta jarduera ekonomikoen irekitze eta egokitzen zergak salbuestearen aldeko apustua egin dute. Era berean, ikastetxe eta lan munduaren arteko erlazioak sustatu behar direlakoan dira.

Turismoa indartzen ari den sektorea izanik, alor horretara bideratzen diren jarduerak indartu behar direla diote eta alor horretan lan egin nahi duten ekintzaile gazteei laguntzak eman. Hotelen eskaintza areagotu behar dela uste dute, beti ere kalitatea gordeta, eta, kirolarekin lotuta, pilota mota guztietako jaialdiak antolatu edo bultzatzeko gogoa azaldu dute. 

Kiroletan, Lubaki kiroldegiaren egokitzapena jasotzen da, “beharrei erantzuna” emateko, eta han ematen den eskaintzari dagokionez, aberastu behar dela azaldu dute, adin guztietako kirola bultzatuz. Frontoi berriaren kudeaketa gainerako azpiegiturekin bateratu behar dela diot eta elkarteen lankidetza estuan jarraitzeko asmoa berretsi dute. Orain urte batzuk San Pedro garaian herriko kirolariei egiten zitzaien omenaldia berreskuratzearen alde ere azaldu dira. 

Gazteriari dagokionez, hauen inguruko programak herriko eragileekin landu behar direla adierazi dute eta, zentzu horretan, gazteak emanzipatzen laguntzeko presta azaldu dira. “Horretarako hezkuntza, lan-bideratzea eta, batez ere, etxebizitza politikek asmo integrala osatzen dute”. Gazte lokalen ordenantza edo elkarbizitzarako konpromisoa ere adostearen alde azaldu dira, erabiltzaileak, jabeak eta auzokoak bilduz.

Zumaia euskalduntzea jasotzen dute euskararen alorrean, baina “inposiziorik gabe”. Euskararen kale-erabilera lehenestea eta Udalean eta zerbitzu publikoetan euskararen erabilera egokia bermatzea ziurtatu nahi dute.  

Kultura eta hezkuntzan, Oikiako eskola berria egitea aurreikusten dute eta Maria eta Joseren hitzarmen batera heltzera, ikastetxeko aretoa erabiltzeko. Herriko memoria historikoa gordetzea garrantzitsua dela uste dute eta herriko historiaren lekukotasuna gordeko duten hainbat ekimen bultzatzeko asmoa azaldu dute. Victoriano Arrate-Puntanueta inguruan erabilera anitzeko gune bat sortzea beharrezkotzat jotzen dute, eremu hark izan duen bilakaera ikusita. Urtean zeharreko jarduera indartzeko amoa berritzaileak kontutan hartzea ere jasotzen dute programan, beti ere euskara lehenetsiz. 

Gizarte zerbitzuetan, zerbitzuak eta prestazioak bermatzea proposatzen dute, egungo errekurtsoak behar berrietara moldatuz. Behar handiagoak dituzten kolektiboen aldeko programak sortzea ere jasotzen da eta prestakuntza eta prebentzio programak martxan jartzea jasotzen da hauteskundeetarako programan. Arlo honetan, adin handiko pertsonentzako zerbitzuen kalitatea eta udal zerbitzuetan hauentzako lekuak egotea bermatzea ere jasotzen dute. 

Udalaren eta bere erakundeen jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko apustu egiten dute eta horretarako kanpo auditoretza bat egitea aurreratu dute. Zerga batzuk berraztertuko dituztela eman dute jakitera, hala nola, urarena eta zaborrena. Etxebizitza hutsei jartzen zitzaien errekargua kentzearen alde azaldu dira. 

Ingurumenean, Oikia eta Joxe Mari Korta industriguneko saneamendua egitea azaltzen da eta Santiagoko hondartzari dagokionez, Kosten sailak proposatutako osotasuneko proiektua berreskuratzea. 

Memoria bezala izendatzen duten atalean, barraren hasieran jarritako ‘in memoriam’ plaka lekuz aldatzea eta “duintzea” eta herrian izandako biktimei urtero omenaldiak egitea jasotzen da. Bizikidetza plana abian jartzea ere aurreikusten dute motibazio politikoengatik izandako biktima guztiei aitortza eskaintzeko. 

Herriari ahotsa emateko asmoa ere azaltzen da herritarren partaidetzako atalean. Hala, eragileen partaidetza kontutan hartuko dutela azaldu dute, Zumaiaren etorkizunerako lehentasunak zehazteko. 

Web gune berria

Interneteko atari berria ere aurkeztu dute ekitaldian. www.emanziaboga.eus da helbidea eta lau atal ditu: berriak, programan, taldea eta ekarpenak. Zalantzak argitzeko edo ekarpenak egiteko beste bi modu ere badaude: Facebooken eman ziaboga perfila eta Whatsapp bidez 609413785 telefono zenbakian.