Pulpo Espainiako Txapelketan

Pulporen, gurasoen eta Udalaren esker oharrak

Baleike 2015ko mai. 11a, 21:41

Behin Espainiako Txapelketa amaituta, Pulpok eskerrik beroenak eman nahi dizkie prentsa ohar honen bitartez txapelketan parte hartu duten guztiei. Bestalde, finalean desagertu ziren Kataluniako eta Bartzelonaren bandera bana bueltatzeko eskaera egin du.

“Mila esker hainbeste urtez amestutakoa egin bihurtzen lagundu duten guztiei: dirua eman dutenei, bost egunean harmailak bete dituztenei (ikaragarria jarraitzaileen jarrera), eta lanean aritu direnei. Batzuk segurtasuna bermatzeko egin dute lan, beste batzuk tabernan, leihatilean, kamisetak saltzen, edo partidak amaitutakoan dena txukun-txukun uzten… Eta bereziki Baleikeko lan taldeari (Gorka, Arnaitz, Peio, Jon…), egindako segimendua goraipatzekoa izan delako. Mila esker, nola ez, Udalari emandako laguntzagatik. Ziur jende asko ahaztu zaigula; mila esker Zumaiako herriari. Bartzelona izan da txapelduna, baina Zumaia eta eskubaloia izan gara irabazleak”.

Jokalarien gurasoek ere eskerrak eman nahi dizkiete Txapelketa hau antolatzen lagundu duten guztiei. “Gu taldearekin oso inplikatuta gaude, gure semeak dira, baina ikaragarria izan da herri guztiak nola egin duen lan hau dena ahalik eta ondoren atera zedin. Egoerak gaindituta gaude”.

Eta Zumaiako Udalak ere publikoki adierazi ditu bere eskerrak: “Zumaiako Kirol Patronatuak eskerrak eman nahi dizkie azken egunotan Eskubaloiko Espainiako Txapelketa dela eta lanean aritu diren  boluntario eta  Pulpo elkarteko kideei. Ederra izan da horiek egindako lana, eta ederra izan da pistan zein pistatik kanpo Zumaiako jokalari eta zaleek eman duten irudia. Eskerrik asko guztiei txapelketa honetan ere Zumaiaren izena eta izanaren irudi paregabea emateagatik”. 

Bi bandera falta

Finalean Kataluniako jarraitzaileek disgusto handia hartu zuten bi bandera desagertu zitzaizkielako, bata, Kataluniakoa eta bestea Bartzelonarena. Jarraitzaile haientzat balio handikoak dira, urte askoan erabili dituztelako hainbat txapelketatan. Norbaitek hartu bazituen, mesedez, itzultzeko eskatu du klubak.