Ke-erauzgailuaren motorrean piztu da Txikixa tabernako sua

Baleike 2015ko mai. 8a, 14:20

Txikixa tabernako ke-erauzgailuaren motorrak su hartu du gaur eguerdian. Haren ondorioz izandako ke beltzak taberna gaineko bizilagunak irtenarazi ditu, kasu horietan abian den protokoloa jarraituz. Zorionez, kalteak ez dira handiegiak izan, nahiz eta taberna itxita egongo den datozen egunetan. 

Goizeko 11:30ak aldera piztu da sua tabernaren ate gainean zegoen aparailuan. Tabernan jabeetako bat zegoen une horretan eta keaz ohartuta, larrialdiei deitu die. Zarauzko suhiltzaile parkeko hiru kamioiek erantzun diote deiari. Ertzainak, udaltzainak eta anbulantzia bat ere gertaratu dira. Ordurako taberna gaineko etxebizitzetan sumatu dute behetik zetorkien kea eta kasu horietan erabiltzen den protokoloa jarraituz, beren etxebizitzetatik irtenarazi dituzte. Zorionez, bizilagun hauek ez dute laguntzarik behar izan eta eta denbora gutxira beraien etxeetara itzuli dira.

Sarrerako ate gainean zegoen hodiaren barrutik zihoazen kableek hartu dute su eta hark eragin du kea. Sua amatatzeko sabai aizuna kendu dute suhiltzaileek. 20 bat minuturako arazoa konponduta zegoela azaldu du ertzain batek. Ondoren, erretako materiala ateratzen jardun dute.

Behin sua itzalita, tabernak ez zirudien oso kaltetuta. Pintxoak mostradore gainean segitzen zuten bezeroen zain. Txikixako jabeetako batek azaldu digunez, ez zekien ziur noiz zabalduko duten berriro. “Gaur ez da izango, bihar ere ez eta etzi ere ez. Peritoak ere pasa beharko du partea ematera”.