Pulpo Espainiako Txapelketan

“Ikusita nola gauden, finalean sartzeko egingo dugu borroka”

Baleike 2015ko mai. 5a, 19:48
Andres Torriko, Ibon Enbil eta Xabi Letamendia entrenatzaileak. Argazkia: Gorka Zabaleta

Espainiako Eskubaloi Txapelketako zortzi onenen arteko finala jokatuko da asteazkenetik aurrera Zumaian, Pulpoko jubenilak tartean. Taldeko entrenatzaile Ibon Enbil, Andres Torriko eta Xabier Letamendiak konfiantza handia duten taldearengan.

Joan den asteartetik erlojuaren kontra ari dira lanean dozenaka lagun Lubaki kiroldegian gaur hasiko den Espainiako Eskubaloi Txapelketaren azken faserako dena prest egon dadin. Klubak apustu handia egin du jubenil mailako zortzi talde onenen arteko finala Zumaian antolatzeko, eta herriak neurri berean erantzun du. Kiroldegiko sareak berritu dira, bozgorailuak konpondu, harmaila gehiago jarri dira, pista garbitu… Horrez gain taldeak antolatu dira, aurre egin beharreko zereginei behar bezala erantzuteko: segurtasuna, taberna, komunikazioa, ostatuak… Ahalegin betean ari dira denak, momentu berezia baita klubarentzat.

“Zortzi onenen artean sailkatzea sekulako jauzia izan da guretzat, mutiletan oso gutxitan lortu da halakorik. Pentsa, historian behin bakarrik lortu du euskal talde batek mutiletan jubenil mailako txapelketa hau irabaztea. Bidasoa izan zen, 1992-1993 denboraldian, Ibon Enbil tartean zela”, azaldu dute Andres Torriko eta Xabi Letamendia entrenatzaileek, Enbil bera aurrean dutela. Hirurek osatzen dute talde teknikoa. Duela hamar egun Logroñon lortutakoa historikoa izan den arren, ez dira horrekin konformatzen. “Lortutakoa handia da eta hemendik aurrera etortzen dena saria izango da. Baina ikusita gu nola gauden, finalean sartzeko egingo dugu borroka, eta gero gerta dadila gertatu behar duena”.

Bartzelona faborito

Zortzi taldeak bi multzotan banatuta jokatuko dute aurrena, ligaxkan. Pulpori Ademar Leon, Melilla eta Montequinto egokitu zaizkio. Pozik daude aurkariekin: “Gustura gaude egokitu zaigun multzoarekin. Bestea gogorragoa da: Bartzelona, Maristas Malaga eta San Sebastian de los Reyes talde indartsuak dira. Bartzelona da titulua irabazteko faborito nagusia, baina sufritu egingo du”. Duela bi urte kadete mailako fasea jokatu zuten Bartzelonako belaunaldi honen kontra. Bartzelonak irabazi zuen partida, baina gogotik sufrituta. “Ezustean harrapatu genituen eta lehen zatian zazpi edo zortzi gol joan ginen aurretik; gero nekea etorri zitzaigun eta ez ginen erritmoari eusteko gai izan. Baina orain ezberdina izango da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den”. Bartzelonak ordutik taldea sendotu egin du hiru fitxaketa handirekin, tartean Duixebaeven semeetako bat.

Lehen aurkaria, Ademar Leon

Ligaxkako aurkariei dagokienez, Aderma Leon izango da aurkari gogorrena, eta lehen partidan egokitu zaie. Ondo ezagutzen dituzte, infantiletatik jokatu baitute elkarren aurka. “Talde oso ona da, oso ondo landutakoa. Atezain oso ona daukate, hegalekoak ere bai, teknika indibiduala bikaina, eta taktikoki ere oso konpletoa. Joko azkarra egiten dute, eta jokaldietan ez dira gehiegi konplikatzen. Eskuineko albokoa da jaurtitzaile onena, baina erdikoa da jokalari onena, Jaime Fernandez. Hori gelditzea izango da giltza”. Partida hori irabaztea funtsezkoa izango da finalaurrekoetan sartzeko. “Multzoko lehenak izatea da gure helburua, eta gero ikusiko dugu. Handia litzateke finalaurrekoetan sartzea, lau onenen artean egotea”.

Meilla eta Sevillako Montequintori buruz informazio handirik ez dute, baina hiru entrenatzaileak ez dira fio. “Melilla da teorian multzoko ahulena baina ez du ezer galtzeko eta ezustekoa eman dezake; eta Montequinto gogorra izango da, hemen aurkari errazik ez da izango”.

Lesioak osatzen

Logroñotik jokalari bat baino gehiago etorri zen min hartuta. Kezkagarriena Ander Torrikoren lesioa da, baina azken egunetan albisteak onak izan dira. “Lesioa ez da guk uste bezain larria eta egunetik egunera hobeto sentitzen da. Hasiera batean erasoan jokatuko dugu eta ikusiko dugu partidaz partida nola sentitzen den. Taldearentzat albiste oso ona izan da, jokalari oso garrantzitsua delako. Presio handiko partidak izango dira eta taldean badaude lau edo bost jokalari une horietan hazi egiten direnak, ohituta daudenak. Torriko da horietako bat”. Aldaketak egiteko ere jokalari bat gehiago izatea oso garrantzitsua izango da, finalaurrekoetara sailkatuz gero bost partida izango baitira bost egunean.