Pulpo Espainiako Txapelketan

Hauek dira Pulporen zazpi aurkariak Espainiako Txapelketako azken fasean

Baleike 2015ko api. 26a, 23:37

Asteburuan 32 talde lehiatu dira, zortzi multzotan banatuta, Espainiako Txapelketako azken faserako txartelaren bila. Multzo bakoitzeko lehenak sailkatu dira. Hauek izango dira Pulporen aurkariak tituluaren lehian: Bartzelona, Ademar Leon, Covadonga (Gijon), Maristas Malaga, Montequintos (Sevilla), San Sebastian de los Reyes (Madril) eta Melilla.

Zortzi onenen arteko azken fasea maiatzaren 6tik 10era jokatuko da. Ziurrenik bihar bertan edo bestela asteartean jakinaraziko du Espainiako Federazioak txapelketa nork antolatuko duen. Pulpok eskaera egingo du. Antolatzeko astebeteko tartean baino ez dago, baina halako aukerak oso noizean behin gertatzen dira eta Pulpok ez du pasatzen utzi nahi. Hurrengo orduotan jakingo da erabakia.

Zortziko finala bost egunetan jokatuko da. Lauko bi multzo egingo dira, eta aurrena ligaxka jokatu beharko dute, asteazken, ostegun eta ostiralean. Ondoren, multzo bakoitzeko bi lehenek finalaurrekoak jokatuko dituzte larunbatean, eta azkenik finala igandean. Pulporekin batera, Bartzelona, Ademar Leon, Covadonga (Gijon), Maristas Malaga, Montequintos (Sevilla), San Sebastian de los Reyes (Madril) eta Melilla sailkatu dira. Zarautzek eta Basaurik sailkatzeko aukera izan dute azken egunean, baina ez dute lortu. Hemen kontsulta ditzakezue multzo guztietako emaitzak eta sailkapenak.

Orain taldearen lehen helburua izango da min hartutako jokalariak osatzea. Logroñoko hiru partiden ondorioak latzak izan dira, eta Josema Balenziaga masajistak lan eskerga egin du jokalariak ahalik eta ondoen errekuperatzeko. Kezkagarriena Ander Torrikoren lesioa da. Lehen partidako lehen jokaldian kolpea hartu zuen ezkerreko sorbaldan, eta besoa lotuta dauka. Hala ere, Granollersen aurka minutu batzuk jokatu zituen partidako azken txanpan, eta oso baliagarria izan zen taldeari arnasa emateko. Lehenbailehen medikuek ikusi eta diagnosi zehatza egin nahi dute, jokatzeko moduan izango den jakiteko.

Min hartu duen azkena Josu Lizeaga izan da. Gaurko partidan, jokaldi batean hegaletik baloia jaurti eta hanka lurrean jartzean min hartu du orkatilan.