Pulpo Espainiako Txapelketan

Espainiako zortzi onenen arteko finala jokatuko du Pulpok

Baleike 2015ko api. 25a, 22:06
Jokalariek jarratzaileekin ospatu dute lorpena partida amaieran. Argazkia: Gorka Zabaleta

Handia egin dute gaur Pulpoko jubenilek Logroñon: Granollersi 29-26 irabazi eta Espainiako Txapelketako azken fasea jokatzeko sailkatu dira. Maila handiko jokoa eta heldutasuna erakutsi dituzte gaur, Zumaiatik joandako dozenaka jarratzaileren gozamenerako. Bihar 12:30ean jokatuko dute azken partida La Riojaren aurka eta, jokoan ezer ez dagoen arren, irabaztera aterako dira. Bazkalondoren abiatuko dira Zumaia aldera, 19:30 aldera zumaiar guztiekin ospatzeko.

Eskubaloian gutxik bezala jokatzen dakitela bagenekien, hamaika aldiz erakutsi dute. Baina gaur beste urrats bat egin dute aurrera eta, zirt edo zart egiteko unean, heldutasuna erakutsi dute. Partida bertatik bertara ikusten ari ginenok ez genekien, baina jokalariek bai: gaur Granollersen jai zuen. Eta erronka ez zen makala: aurreko bi urteetan helburuak behatzetatik ihes egin ondoren, jakinda aurtengoa zela azken aukera, ez da erraza Granollersi bezalako talde "profesional" bati –astean bost egunetan entrenatzen dute– aurre egitea. Baina belaunaldi honek garbi zuen gaur zela Eguna. Urratsez urrats, urtetik urtera, Pulpok etxean dauzkan entrenatzaile ezberdinen laguntzarekin berezko gaitasunari erantsi behar zaizkion bestelako dohaiak eskuratu dituzte: joko ikusgarria erasoan, heldutasuna, konzentrazioa, amore ez ematea azken unera arte, defentsako lan beltza baloratzea... Horiek denak behar ziren gaur Granollersi eta denak agertu dira.

Partida hasieran Granollersek bere armak erakutsi ditu, eta ohartzerako 0-3 ziren atzetik zumaiarrak. Pibote handia dute kataluniarrek eta harengan oinarritzen dute erasoko jokoa kontraerasoan jokatzerik ez dutenean. Eta halaxe hasi da partida, pibotearen bi golekin. Baina kantxa barruan inork ez du patxada galdu. Jokalariak segituan gogoratu dira entrenatzaileek ordubete lehenago hotelean emandako irizpideekin, eta pibotea zorrotz hartu dute, aurrea hartu eta paseko lerroa oztopoatzen behin eta berriz, beti bat gainean egonez enbarazu egiten. Horrela, giltzetako bat lapurtu diote Granollersi.

Erasoan baloiak ez galtzea zen beste agindua, luze jokatzea, bote gutxirekin eta etengabe gurutzatuz. Hori ere oso ondo egin dute, eta Granollersek bere bigarren giltza galdu du, kontraerasoa. Eta bi oinarri horien gainean hasi da Pulpo nagusitzen. Defentsan lan handia eginez, eta erasoan burua hotz, atsedenaldira 15-13 iritsi dira aurretik.

Bigarren zatian inor ez zegoen amore emateko, lojikoa denez. Granollersek hortzak estutu ditu eta berriro aurrea hartu du markagailuan 18-19; baina azkar gainditu du Pulpok krisialdia, lehen aipatutako errezetarekin. Pixkanaka zuloa zabaltzen hasi da Pulpo, eta Granollers bere burua galtzaile ikusten hasi da. Pulpok ez du errukirik izan, ez dio Granollersi itxaropenerako zirrikiturik utzi partidaren azken txanpan. Azken unera arte defentsan gogor eta erasoan serio. Gaur ere indarren mugan iritsiko ziren partidaren une erabakigarrira, baina gaur ez zegoen besoak jaitsieraziko zizkienik. Gaur beraien eguna zen.

1980ean, neskek kadete mailan

Mutiletan Espainiako Txapelketako azken fasera sailkatzen den Pulpoko lehen belaunaldia da hau, baina emakumeek Espainiako Txapelketa irabaztea lortu zuten 1980ean. Maria eta Josen jokatzen zuten orduan, kiroldegirik ez zegoelako. Beraiek aurkitu behar izan zuten entrenatzailea, eta Pulporen izenean jokatu. Zaragozan jokatu zuten azken fasea, eta irabazi egin zuten, Sevilla, Madril eta Sarriaren (Bartzelona) aurka. Kadete mailan izan zen lorpen handi hura.

Fitxa teknikoa:

Pulpo:Kauldi Odriozola (9), Ander Torriko (3), Mikel Martinez (6), Manex Armendariz, Eneko Tena, Manu Centeno, Iñigo Garaizabal (4), Iñigo Aldai (6), Iñigo Arakistain, Mikel Huegun, Beñat Yeregi, Jon Kareaga (1), Ignacio Otaño, Cristian Martin, Josu Lizeaga eta Ander Olaizola; Gorka Ibarra eta David Hernandez.

Granollers: Albert Carreño, Marc Catot, Arnau Autedes (3), Arnau Xerta (3), Pol Valera, Arnau Rotoreda (2), Pascual Flores, Roger de Riba, Pol Cavanach, Adria Martinez (1), Guillem Balague, Marc Albalate (1), Nil Pujol (4), Carles Asensio (9) eta Miguel Carrillo (3).

Markagailua: 2-3, 4-6, 7-8, 10-8, 13-9, 15-13; 17-16, 18-18, 23-19, 24-22, 26-23, 29-26.