Pulpo Espainiako Txapelketan

Anaitasunari irabazita, Granollersen aurka jokatuko du Pulpok lehen postua

Baleike 2015ko api. 25a, 00:56
Kauldi Odriozola, kontraeraso bat amaitzen, partidaren bigarren zatian. Argazkia: Gorka Zabaleta

Lehen urratsa egin dute Pulpoko jubenilek Espainiako Txapelketan, Anaitasunari irabaztea, 35-29. Partida hasiera zaila izan dute, lau gol ere izan dira atzetik lehen zatian, baina 20. minututik aurrera, behin defentsako arazoak konponduta, neurria hartu diote Iruñeako taldeari eta bigarren zatian nagusi izan dira. Granollersen aurka dute orain finala, irabaziz gero multzoko lehenak izango baitira. Erronka handia da, are zailagoa gaur Ander Torrikok sorbaldan min hartu ondoren, baina mutilak dena emateko prest daude.

Partida baino ordu eta erdi lehenago Logroñoko hotelean ideiak garbi zeuden oso: "Defentsan, erdian fuerte eutsi behar diegu, eta pibotea zaindu, asko jokatzen dute berekin. Aurretik defenditu pibotea, hanka bat sei metrotan, alboetara ondo mugitzen da eta. Eskuineko albokoa txikia eta bizia da, eta erne bere fintekin. Kisselevek indar handia du, baina motela da. Albokoengana irten jaurtitzera doazenean... Erasoan, beraiek 3-2-1 defentsa aurreratua egingo digute, baina guk badakigu horren kontra jokatzen. Erdian ixten dira eta hegalak uzten dituzte libreago. Hobe da pixkat atzeragotik hasi, distantzia gehiagorekin, gero sartu eta hegalera zabaltzeko pasea...". Horiek entrenatzaileen azalpenak, pantailan aurkariaren zenbait bideo ikusi aurretik.

Partida hasi bezain pronto, baina, antsietateak ideiak lausotu dizkie Pulpoko jokalariei. Anaitasuna adar zorrotzeko zezen beltza zirudien estafeta kalean, aurretik zuena eramateko prest. Haien jaurtiketa bortitzak gelditzeko modurik ez zuen atezainak, defentsak hesia sendotu ezean. Eta aurkariaren oldarraldia nahikoa arazo ez bazen, partidako lehen jokaldian Ander Torrikok min hartu du ezkerreko sorbaldan, aurkaria gelditu nahian talka egin dutenean. Inork ez zuen sinetsi nahi, baina partida osoa aulkian pasa du, Josema Balenziaga masajistaren igurtziak jasotzen. Ez da ez, hasiera batere erraza izan.

Konturatzerako, nafarrak hiruzpalau gol ziren aurretik, eta panorama beltz ikusten hasia zen harmailetan bildutako zumaiar bat baino gehiago. Baina talde hau ez dago lehenengoan amore emateko. Bide luzea egin dute hona iristeko, urte askotako bidea, eta azken izerdi tantaraino egingo dute borroka. Urduritasunak buruan eragiten duen lanbro lainoa desagertu denean, hoteleko pantailaren aurrean denek ederki ulertutako ideiak bueltatu direnean, orduan hasi da partidaren norabidea aldatzen. Defentsan zituen zuloak estali, eta hortik aurrera Pulpok hartu du gidaritza. Anaitasuna ohartu denerako, aurretik jarri dira zumaiarrak, 17-16 atsedenaldian.

Bigarren zatia lehena bukatu den bide beretik joan da. Beste estutualdi bat eman du Pulpok, Anaitasunak behera egin du fisikoki defentsa aurreratuaren esfortzua ordainduta, eta aldeak gora egin du pixkanaka baina etenik gabe. Ez zegoen partida galtzeko arriskurik, Pulpok eskuan zituen lehen bi puntuak.

"Maila handiko aurkaria da Granollers"

Ondoren jokatu dute Granollersek eta Naturhouse La Riojak. Lehen zatia ikustea nahikoa izan da ohartzeko bi taldeen artean alde handiegia dagoela. Multzoko talderik eskasena da La Rioja, eta hezurrik gogorrena Granollers. "Talde oso konpletoa da, Kataluniako taldeen estiloa dauka. Saiatzen dira defentsan baloia berreskuratu eta kontraerasoan jokatzen, behin eta berriz; gola ahalik eta azkarren lortzen saiatzen dira", azaldu digute Ibon Enbil eta Xabier Letamendiak, hoteleko gelan Granollersen bideoa ikusteko prestatzen ari diren bitartean. "Guk partida borobila egin beharko dugu, defentsan oso erne egon eta atzera azkar bueltatu. Beraiek ia begiak itxita jokatzen dute kontraerasoan, bi hegalekoak oso azkar ateratzen dira eta atezainak luze jokatzen du, pase zuzenarekin". Gaur La Riojak gogotik sufritu du kataluniarren gol gosea, 15-46 bukatu baita partida.

Ander Torrikoren lesioa baja oso garrantzitsua da taldearentzat, bere eskuetatik bideratzen baita erasoko jokoa, eta Granollersen mailako talde bati ezin zaio abantaila txikiena ere eman. Partida amaitu ondoren erietxera joan dira lesioaren larritasuna neurtzeko, eta handik bueltan jokalariak oraindik badu Granollersen aurka jokatzeko esperantza. Goizean nola jaikitzen den ikusi behar, baina oraingoz ezkerreko besoa lotuta dauka, eta minarentzat pirula batzuk hartu beharko ditu.

Granollersen aurkako partida 16:00etan hasiko da, eta komeni da Zumaiatik etorriko diren jarraitzaileak garaiz ibiltzea, pabilioia txikia baita –300 bat lagunentzako eserlekuak ditu–.

Partidako fitxa

Pulpo: Kauldi Odriozola (6), Ander Torriko, Mikel Martinez (12), Manex Armendariz (1), Eneko Tena, Manu Centeno, Iñigo Garaizabal (4), Iñigo Aldai (8), Iñigo Arakistain, Mikel Huegun, Beñat Yeregi, Jon Kareaga (3), Ignacio Otaño, Cristian Martin (1), Josu Lizeaga eta Ander Olaizola (2).

Anaitasuna: Jon Ander Oyarzun, Javier Abril, Oier Balda (2), Javier Silanes (1), Miguel Frances (3), Adrian Ortiz (4), Jesus Isturiz (1), Iñigo Donezar (7), Adrian Gallego, Oleg Kisselev (3), Adrian Valiente (8), Nicolas Arboleda, Raul Oyarzun, Arkaitz Garcia, David Oteiza eta Josu Enguitu.

Markagailua: 1-3, 5-6, 8-8, 11-13, 13-16, 17-16; 21-17, 26-18, 29-21, 29-24, 33-27, 35-29.