Geoparkeak 2.400 zuhaitz landatu ditu Gorostiaga inguruan

Baleike 2015ko api. 24a, 12:33

Urola itsasadarreko ekosistemak lehengoratu asmoz, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bertako zuhaitz espezieen landaketa egin du Zumaian, Udalak Gorostiagan duen lursailean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Lursailaren azalera 2 hektareakoa da eta guztira 2.400 zuhaitz landatu dira. Bertako espezieak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arizmendi haztegitik ekarritakoak: lizarrak, gereziondoak, arteak, artelatzak, zumar hostozabalak, zumar hostotxikiak, gurbitzak, hurritzak, gorostiak, erramuak, gartxuak eta karraskilak. Lurraren ezaugarriak direla eta, dentsitate handiko landaketa egin da.

Landaketa egin aurretik lursailaren garbiketa sakona egin da, sasiak eta landare inbaditzaileak kenduz, bertan hazita zeuden zuhaitzak errespetatuz eta hondakinak zabortegira eramanez.

Egitasmo hau Natura 2000 Sareko Urola Itsasadarraren Kudeaketa Planean jasota dago, baita Urolako Itsasadarreko Plan Berezian ere, eta aldi berean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin ingurune naturala babesteko zein jasangarritasuna sustatzeko sinatu duen hitzarmenaren baitan kokatzen da.