Futbol zelaiko berdegune berria prest da

Baleike 2015ko api. 23a, 14:28

Astearte eguerdian sinatu zuen Udalak futbol zelaiko belarra aldatzeko obren bukaera, eta atzo arratsean bertan estreinatu zuten herriko kirolariek.

Gustura ibili ziren haur eta gazteak zelaian, eta gustura zeuden helduak futbol zelaiko ertzetik haiei begira. Gaur eta bihar ere entrenamenduak izango dira, eta asteburuan hartuko ditu lehen partiduak.

“Martxoaren 31n hasi ziren obrak, eta ostiral honetara arteko epea bazuen ere Opsa enpresak pasa den aste bukaera alderako eginda zuen guztia. Ofizialki obra bukatu ostean, jada herritarrentzat erabilgarri da zelaia”, azaldu du Antxon Alberdi Kirol Patronatuko gerenteak.

15 urte zituen zelai zaharrak, eta zati batzuk erabat zaharkituta zituen, jada. “Egunerokoan, herritar eta eragile asko izaten dira berdegunean. Hala, futbol taldeak, futbol 7ko txapelketak, eskoletako haur eta gazteak, kiroldegiko bazkide zein herritarrek erabiltzen dute zelaia, eta normala da zegoen egoeran egotea”, gaineratu du Alberdik.

Futbol zelaiko berdegunea berritu bada ere, hori ez da izango futbol zelaiaren obra bakarra izango. Datorren astean, berritze lanek segituko dute, eta zelaia inguratzen duen hesia berrituko da erabat.

Belarra berritzeko aurrekontua 135.000 euro ingurukoa izan da, eta FIFAK bi izardun maila emana dion belar mota jarri da.

Zelai ederra gelditu da: berria, dotorea, zaindua. Eta horrela jarraitzea denon ardura dela gaineratu du patronatuko arduradunak: “Jende asko ibiltzen da futbol zelaian, eta denon ardura da zaintzea. Zikinkeriak eta batez ere pipa azalek kalte handia egiten diote zelaiari. Beraz, guztion ardura da zelaia baldintza honetan izateko neurriak hartzea”.