Foru Aldundia: “San Juan Egoitzako zerbitzua eta prezioak ez dira aldatuko eskualdatzearekin”

Baleike 2015ko api. 23a, 11:37
Ander Rodriguez, Arantxa Aizpurua, Pablo Garcia eta Iñaki Agirrezabalaga egoitzaren atarian.

Urte bukaera baino lehen Gipuzkoako Foru Aldundiak beregain hartuko du San Juan Egoitza. Aldundiko arduradunek gaur goizean egoitzara egindako bisitan garbi utzi nahi izan dute zerbitzua, prezioak eta langileen baldintzak ez direla aldatuko eskualdatzearekin.

Gizarte Politikako diputatu, Ander Rodriguez, eta Erakunde Publikoetako zuzendari, Pablo Garcia, San Juan Egoitzan izan dira gaur goizean Zumaiako alkate, Iñaki Agirrezabalaga, eta egoitzako zuzendari den Arantxa Aizpuruarekin batera, egoitzako egoera ezagutzeko. Izan ere, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo hilean sinatuko dute egoitza hau Aldundiari eskualdatzeko hitzarmena, 2008ko Gizarte Zerbitzuetako Legeak xedatutakoari erantzunez. San Juan Egoitza Foru Aldundiaren Kabia erakundearen eskuetan geldituko diren lehen egoitzen artean dago Azkoitia, Elgoibar eta Villabonakoarekin batera. Hitzarmen honi esker, urte bukaera baino lehen kudeatuko du egoitza Diputazioak. 

Hitzarmenak klausula bat jasotzen du, non bermatzen den lanpostu guztiak eta lan baldintza guztiak eutsiko dirtela. Era berean, berretsi dute ez dela aldaketarik egongo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ez eta baldintzetan ere. San Juan Egoitzak gaur egun 40 langile inguru ditu eta 52 egoiliarri ematen dio zerbitzua.

Zentzu horretan, Ander Rodriguezek bi mezu eman nahi izan ditu: “Egoiliarrei eta familiei esan nahi diet zerbitzua ez dela garestituko eta kalitatea mantenduko dela. Langileei, berriz, lasaitasun mezu bat luzatu nahi diet: lanpostuak mantenduko dira, baldintza eta eskubide berdinekin”. Zalantza guztiak plenoan eta San Juan Egoitzako juntan azaldu direla aipatu du Iñaki Agirrezabalak. Aldundiko arduradunak langileekin bilduko direla ere adierazi da.

Egun batzuk barru sinatuko den hitzarmenaren arabera, aurtengo urtarrilaren 1ean hasi eta Kabia erakundea martxan jarri bitartean sortzen den defizita Foru Aldundiak hartuko du beregain. “Esan daiteke trantsizio garai batean gaudela. Beti ere Kabia erakundeak urtea amaitu baino lehen hartuko du egoitzaren kudeaketa”, azaldu du Pablo Garciak

Nahiz eta eskualdatzea izan, egoitzaren nortasuna mantenduko dela azpimarratu nahi izan du Ander Rodriguezek. “Prozesu honekin ez dugu nahi egoitzak herriarekin mantentzen duen lotura hori haustea”. 

San Juan Egoitza fundazioaren desagertzea ekarriko du eskualdatzeak. “Atzo izan genuen azken bilera. Izango da beste bat aktak sinatzeko, baina bai, desagertu egingo da”, azaldu du alkateak. Ildo horrekin jarraituta, egoitzan egingo diren batzarretan Zumaiako Udalak eserleku bat izango duela esan dio Pablo Garciak.