Hiru anai, begirada bana

Baleike 2015ko api. 22a, 12:15
Luis eta Juan Ramon Llavori, pasa den ostiralean, Donostian

Luis, Juan Ramon eta Jose Mari Llavori Romatet. Hiru anai, hiru argazkilari, hiru begirada natura eta munduarekiko eta erakusketa bat, ‘Hiru’ izenekoa. Anaiek erakusketa zabaldu zuten pasa den ostiralean Donostiako San Juan kalean kokatutako Gipuzkoako Argazkilari Elkartean. 36 lan biltzen dituen mostra hau maiatzaren 6ra arte izango da zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan 17:00etatik 20:00etara.

Juan Ramonen ideia izan zen erakusketa hau egitearena. “Elkartean proposatu nuen eta interesgarria iruditu zitzaien, ez da-eta normala hiru anai argazkilari izatea eta, gainera, halako mailarekin”. “Traba handiena erakusketa nola egin izan da, hirurok zeharo desberdinak baikara. Horregatik, bakoitzak bere eran burutu du bere proiektua”, gaineratu du Luisek.

Luisek eta Juan Ramonek beraien ibilbidean hain ohikoak ez diren lanak aurkeztu dituzte. Juan Ramon erretratuengatik eta Asian zehar egindako bidaietan eta Donejakue Bidean ateratako irudiengatik da ezaguna. Erakusteka honetarako koloreekin eta testurekin jokatu nahi izan du. “Aurrekotan itzalekin, Caravaggioren tenebrismoarekin jokatu dut, baina honek ez du zer ikusirik orain arte egin dudanarekin. Aspalditik nuen buruan kezka testura eta koloreekin jokatzeko, eta oso gustura atera naiz”. 

Luisek bere lan abstraktuekin osatu du bilduma. Abstrakzio terminoaren atzean nahasmena dagoela uste du. “Batzuk naturan dagoen detaile bati deitzen diot abstrakzioa. Adibidez, Rio Tintora joaten bazara, natura berak egiten du abstrakzioa eta detaile bat hartzea besterik ez duzu egin behar. Nire kasuan kamera berarekin egiten dut abstrakzioa. Baso batera joaten naiz eta kamera berarekin hasi eta amaitzen dut argazkia; ez da gero ordenagailuan lantzen den irudia. Koloreen paleta kamera berak eskaintzen duena da”.  

Jose Mari bere berean jarraitzen du naturaren eta, bereziki, hegaztien argazki txundigarriak ateratzen. “Nik ermitaua deitzen diot. Orduak eta orduak egoten da ‘hide’ moduan [ezkutatuta], geldirik, nahi duen argazkia atera arte eta batzuetan irudi bat bera atera gabe bueltatzen da”, du gogoan Juan Ramonek. “Goizeko 6tan kokatzen da bere lekuan eta gaueko 9ak arte egoten da tela batez estalita. Pentsa Extremaduran zer den hori egitea, 40-50 graduko tenperaturarekin. Hori oso gogorra da eta nik, behintzat, ez daukat gaitasunik hori egiteko”, azaltzen du Luisek mirespenarekin. 

Irekieran izan ez zen Jose Marik zabaldu zuen argazkigintzaren bidea familian. “Kilimanjaro menditik edo Alpeetatik bueltan han ateratako diapositibak erakusten zizkigun. Zoragarria zen hura”. Hura izan zen ibilbide luze honen hazia, amaiera hurbilik ez duena.