Joseba Otaolak irabazi du kadete mailako txirrindularitza lasterketa

Baleike 2015ko api. 18a, 15:07

Gaztetxoak txapelketarako puntuagarria den kadete mailako txirrindularitza lasterketa jokatu da gaur goizean Zumaian. Euskal Herri osoko 188 txirrindulari azaldu dira irteerara, baina erdiak baino gutxiagok amaitu dute.

Herrialde bakoitzean lasterketa bana jokatuko da. Pasa den asteburuan, Atarrabian, Nafarroari zegokiona jokatu zen, eta gaur Gipuzkoari dagokiona korritu da Zumaian.

Ziklistek 57 kilometroko bidea bete dute: bi itzuli eman dizkiote Zumaiako saihesbideari eta ondoren hiru Zakila Bira bete dituzte. Erasoz betetako lasterketa izan da gaurkoa. Erasoak bai, baina alde handirik ez dute hartu iheslariek eta, beraz, pelotoioak azkar harrapatu ditu. Erorikoak ere izan dira lasterketan zehar. Lasterketa kontrolatzen zuen Ertzaintza oso zorrotz aritu da eta lehen itzulia amaitzerako 90 bat txirrindulari eliminatu ditu atzean geratzeagatik.

Eraso serioena azken itzulian gertatu da: Gastonek, Etxeberriak, Isasak eta Iribarrek ihes egin dute eta pelotoiak amaitzeko kilometro gutxiren faltan, Arroa pasata, harrapatu ditu. Lasterketa esprintean erabaki da eta azkarrena Luyando-Ganzedo klubeko Joseba Otaola izan da. Bigarrena Iñaki Salaberria (Goifiber-Godoy) izan da, eta hirugarrena Miguel Mugica (Lizarra-Irisarri).