Rise & shine antzerki musikala izango da igandean Aita Marin

Baleike 2015ko mar. 23a, 15:11

Azkoitiko bi gaztek sortutako Rise & Shine izeneko antzerki musikala ikusteko aukera izango da igande honetan, 17:00etan, Aita Mari zinean. Sarrerak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan, 3 euroan.

Antzerki musikal honetan 25 aktore, dantzari eta abeslarik hartzen dute parte. Taldeko guztiek, zuzendari eta teknikariak barne, 20 urte baino gutxiago dituzte, beraz, gaztez osaturiko taldea dela esan dezakegu. Gazte eta helduei zuzenduriko antzezlana da hau. Abestiak ingelesez izan arren, antzerki osoa euskaraz da.

Sinopsia: Ikastola bateko entsegu gela baten barnean, mundu oso batentzako adina toki aurki genezake. Maitasuna, adiskidetasuna eta leialtasuna, irabazteko grinarekin elkartuko diren lau pareta hauen artean jokatuko da Gipuzkoako Dantza eta Kanta taldeen lehiaketarako pasea. Maiteren izaera lasaiak eta Juneren tiraniak baldintzatu ditu azken urteetako emaitzak, lehenengo irakaslea porrotera bideratuz eta bigarrena berriz dantza taldeen gailurreraino. Ikasturte hasierarekin batera, istorio, harreman eta izaera ezberdinetako dantzari eta abeslari berriak gehituko dira bi taldeetara. Aldatuko ote dira paperak oraingoan? Irabaztea helburu izanik, bide guztiak zuzenak ote dira helmugara iristeko? 3, 2, 1... ARGIAK!!!