Korrikaren hasiera ekitaldia Baleike.eus-en

Baleike 2015ko mar. 18a, 18:28

Bihar hasiko da Korria 19 Urepelen, eta hasierako ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izango da Baleike.eus-en, euskarazko hainbat hedabideren elkarlanari esker. 15:45ean hasiko da emankizuna.

Euskarazko hedabideen saio bateratua UrepelenBi urtean behin ohi duenez, Korrikak Euskal Herriko zeharkaldia hasiko du martxoaren 19an. Euskahaldun! da aurtengo leloa, eta Urepelen abiatuko da. Korrikaren moduko ekitaldi baten garrantzia aintzat hartuta, ohar hau izenpetzen dugun euskarazko hedabideok hasiera ekitaldi horretan telebista saio bateratu bat egitea erabaki dugu, Korrikak gizartean duen babesaren adierazle.

Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko hedabideok gure egin ditugu oinarri horiek, Urepelen elkarrekin telebista saio bat osatu eta euskaldunon komunitateari Korrikaren hasiera zuzenean eskaintzeko. Telebista saio hori ETB1 eta Hamaika telebista kateetan, Tokikom barruan diren tokian tokiko telebistetan, Euskal Irratietan eta Arrosa sarekoetan, eta beste hedabideon webguneetan izango da ikusgai.

15:45ean hasiko da aitzin saioa, eta 16:00etan hasiko da emanaldi nagusia. Ilaski Serrano ETBkoa eta Pantxika Maitia Kanaldudekoa izango dira aurkezleak Urepeleko platoan, eta, horiez gain, beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira platotik kanpo, egun horretan Urepelen dagoen giroa telebistara eramateko.

Saioan hainbat elkarrizketa egingo ditugu euskal hedabideok, hala nola Graxi Irigarai Korrikako tokiko antolatzaileari, Miren Aire kantariari eta ibarreko auzapez, haur eta AEK-ko ikasle ohiei. Era berean, hasiera egunerako prestatu diren ikuskizunek ere tartea izango dute: kantaldiak, kale animazioa, bertsolariak... 17:00etan abiatuko da Korrika, eta hasiera ekitaldia amaitu eta Korrika abiatzearekin batera amaituko da saioa.

Elkarlanean:

Kanaldude
Hamaika Telebista
Ipar Euskal Herriko Hitza / Berria
Euskal Irratiak
Kazeta.eus
Tokikom-Baleike
Herria