Dani Lopez esprintean azkarrena VII. Zumaia Sarian

Baleike 2015ko ots. 28a, 21:47

Azken urteetan gertatu bezala, Zumaia sariak eman dio hasiera afizionatu mailako errepideko denboraldiari. Larunbat euritsu batean elite eta 23 urtez azpiko 166 txirrindulari bildu ziren Zumaian estreinako lasterketa hau korritzeko. Irteera puntuan 200 inguru elkartuko zirela espero zen, baina eguraldi kaxkarra medio, gutxiago izan ziren azkenean.

Txirrindulariek guztira 112 kilometroko bidea bete behar izan zuten, saihesbideari bi bira eta Zakila Birari sei bira emanda. Ibilbide laua izanik, errodadoreentzako egokia da Zumaia Sariko zirkuitua. Hala ere, aurreko urteetan bezala, esprintean erabaki zen lasterketa. 20 kide inguruko talde bat aurreratu zen eta azken metroetan azkarrena Caja Rural-RGA taldeko Dani Lopez izan zen, 2:42:48 denborarekin. Talde honetako txirrindulari batek Zumaian irabazten duen lehen aldia izan da. Bigarren EdP-Euskadi taldeko, eta iazko irabazle, Jon Irisarri sailkatu zen, eta hirugarren Ampo-Goierriko T.B. taldeko Peio Goikoetxea.

Aitor Olaziregi zumaiarra pelotoi handiaren atzetik heldu zen helmugara. Hala ere, gustura zegoen egindako lanarekin. “Ihesaldi batean sartu naiz beste txirrindulari batzuekin eta ihes eginda bizpahiru buelta eman ditut”. Pelotoiak ez du barkatzen eta iheslariak harrapatu ondoren, nekeak jota, atzean geratu zen Ampo-Goierriko T.B. taldeko kidea bere bigarren Zumaia Sarian.