Autobus zerbitzua zabalagoa izango da igandetik aurrera Urola Kostan

Baleike 2015ko ots. 26a, 10:25

Lurraldebus zerbitzua hobetzeko neurriak hartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, parte-hartze prozesuan herritarren 5.000 ekarpenetik gora jaso ondoren. Hemen dauzkazue Zumaiari eta Urola Kostari dagozkion hobekuntza nabarmenenak. Urola Kostako Hitzan irakur dezakezue albistea osorik.

Hobekuntzak Zumaian:

Aizarnazabal, Zumaia eta Zestoa arteko zerbitzua: eskaerapekoak izatetik, zerbitzu finko izatera pasatuko dira. Zentzu horretan, Zumaiaren eta Aizarnazabalen artean zazpi joan-etorri egingo ditu autobusak lanegunetan, eta lau Zestoa eta Zumaia artean. Linea horiek Zumaia-Donostia zebitzuarekin koordinatuta egongo dira. Asteburuetan ere zerbitzuak areagotu egingo dira.

Zumaia eta Zumarragako ospitalaren arteko lotura: egungo hamaika zerbitzuetatik hamazazpi zerbitzutara pasatuz. Zerbitzu horiek ospitaleko langileen ordutegiarekin koordinatuta egongo dira.

Zumaia eta Donostia arteko linea: eskualde barruko herrien arteko loturak bermatzeaz gain, hiriburuarekiko konexioak ere bermatuko ditu, N-634 errepidearen zein A-8 autobidearen bidez.

Urola Kostako beste hobekuntzak:

- Zarautz: Bilbo, Gasteiz, Debagoiena eta Loiuko aireportuaren arteko zerbitzua. Loturak hobetuko dira, ibilbide luzeko autobusek udalerrian geldialdia egingo dutelako. Betiere, aurrez erosi beharko da txartela.
– Azpeitia, Azkoitia eta Zumarragako ospitalea arteko zerbitzua: Linea hobetuko dute, baita bi herri horiek eta Zestoa Zarautzekin eta Donostiarekin ere. Errezil eta Beizamako zerbitzuak ere areagotu dituzte. Halaber, ostiral iluntzetan ordutegia zabaldu eta beranduago amaituko dituzte zerbitzuak.
-Zarautz, Orio eta Aia artekoa: zerbitzuak areagotuko dira lanegun zein asteburuetan. Donostiarako linearekin eta trenarekin koordinatuta egongo dira.
–Zarautzen: autobusaren eta trenaren ordutegiak koordinatuta egongo dira horiek tartekatuz. Puntako orduetan zerbitzuak ere areagotuko dituzte eta ostiral gauetarako zerbitzu berriak jarri martxan Zumaia eta Donostia artean. Zumaiatik Donostiara bi linea berri egongo dira, eta alderantzizko norantzan beste hiru linea gehiago.
-Azkoitia eta Zarautz arteko zerbitzua: neguko lanegunetako zerbitzuak areagotu dituzte: sei lineatik hamaika lineara pasatuko dira. Azkoitian, gainera, autobusaren ibilbidea aldatu egingo da, eta geraleku gehiago izango dira, ahalik eta herritar gehienengana iristeko. Ostiral zein asteburu gauetan ordutegia luzatu egingo dute.
-Zestoa eta Ermua arteko linea: Egun Azpeititik hasten den zerbitzua igandetik aurrera Zestoatik abiatuko da, eta zazpi joan-etorri egitetik hamaika-hamahiru egitera pasatuko da. Ordutegi horiek Eibar eta Ermuako garraio publikoaren ordutegiekin koordinatuta egongo dira.
- Beizama eta Azpeitia artekoa: laupabost zerbitzutik zortzi izatera pasatuko da, taxi bus zerbitzua zerbitzu finko izatera igaroz.
- Azkoitia eta Tolosa arteko zerbitzua: hori aprobetxatuz, Errezil eta Azpeitia arteko linea finkoa izango da aurrerantzean, eskaerapekoa beharrean.
- Azkoitia eta Donostia artekoa: hiriburuarekin loturak bermatuko dira eta lanegunetan goizean zein eguerdian 30 minutuko maiztasuna izango du, 06:00etatik hasita. Antiguotik igaroko da autobusa ikasleen ordutegiekin koordinatzeko. Ostiraletan ordutegia zabalagoa izango da, azken zerbitzu gehigarriak jarriz, eta larunbatetan sei eta igandetan beste hiru zerbitzu gehiago izango dira.